undefined

Athletic Club, Basque Team bultzatzeko akordioaren partaidea

Athletic Club, Basque Team bultzatzeko akordioaren partaidea

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidenteak aurkeztu dute, goizean, hitzarmena.

Athletic Clubek bat egiten du goi mailako euskal kirola sustatzeko xedearekin eta 2007an Eusko Jaurlaritzak eta EiTB-k sortu zuten Basque Team Fundazioarekin akordio bat sinatu berri du gaur otsailaren 20an. Horren arabera, entitate hauen laguntza ekonomikoa izango du bere helburuak lortzeko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidenteak aurkeztu dute, goizean, hitzarmena.

Akordioaren aurkezpena Euskadiko Artxibo Historikoan egin da, bi taldeek larunbatean jokatuko duten derbyaren atarian, eta alde guztiek nabarmendu dute pauso honen garrantzia goi mailako euskal kirola sustatzeko bidean. “Eusko Jaurlaritzak eta Basque Teamek eskertu egin nahi dugu Athletic Clubek eta Eibarrek erakutsi duten eskuzabaltasuna. Basque Team Fundazioak 50 bekatu baino gehiago ditu, eta beren modalitateetan munduko onenen artean dauden kirolariak daude horien artean. Hala ere, tamalez, diziplina horiek normalean ez dira profesionaltzat hartzen, eta askotan kirolari hauek baliabide gehiago behar izaten dituzte nazioarteko hitzorduetan lehiatzeko. Akordio honi esker, baliabide gehiago izango ditugu goi mailako euskal kirola bultzatzeko”, adierazi du Bingen Zupiria sailburuak.

Gaurko ekitaldian, halaber, Mailen Chorraut eta Ander Elosegi Basque Teameko kirolari olinpikoek bideo bat bidali dute, Australiatik, bekatutako kirolari guztien izenean esker ona helarazteko asmoz Athletic Clubi eta Eibar Kirol Elkarteari.

Hitzarmenaren arabera, Athleticek 179.000 euro jarriko ditu urtero goi mailako euskal kirola sustatzeko eta Eibarrek 70.000 euro. Kopuru horiek talde bakoitzaren aurrekontua aintzat hartuta kalkulatu dira, eta ez dira aldatuko akordioak irauten duen bitartean. Hitzarmenak 2019ko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean eta bi urteko iraupena izango dute (2020ko abenduaren 31ra arte), bi urteko epeetan luzatzeko aukera jaso delarik.

Basque Teamek garrantzi handiko eginkizuna du gizartean: kirolari loturiko balioak hedatzea, aniztasunaren alde egitea, hobetzeko nahia eta pertsonen integrazioa bultzatzea edota kirol-kultura sustatzea. Elementu horiek guztiek gizartea egituratzen dute, eta Basque Teamen proiektuari balioa ematen diote. Bere ezaugarri eta jarduera propioei esker, Euskadiko kirol-munduan aparteko espazio bat eratzen du BasqueTeamek, nazioarteko goi-mailako lehiaketetan presentzia duena.

Futbol taldeek eta Fundazioak sinatu dituzten kolaborazio hitzarmenek herrialdearen marka finkatzeko eta eliteko kirola, bere osotasunean, Euskadiko elementu bereizgarri eta estrategiko bihurtzeko lagunduko dute.