undefined

Historia errepikatu da Santiago Bernabeun

Historia errepikatu da Santiago Bernabeun

Real Madrilek 3 Athletic Clubek 0

Athletic Clubek 3-0 galdu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeu futbol zelaian. Benzemak egin ditu partidako gol guztiak, denak bigarren zatian.

Tamalez historia errepikatu da Santiago Bernabeun eta etxekoek bere kalitatea baliatu dute neurketa eskuratzeko, aldea gehiegizkoa izan bada ere. Lehen zatian indarrak parekaturik egon dira, abagune garbiak ez dira inondik agertu eta berri bakarra, zerbait aipatzearren txartelen banaketa desorekatua izan da.

Bigarren zatian txanpona indartsuenaren aldera erori da hasi eta berehala. Athleticek aukera ona izan du baina Cordobaren erdiraketa ezin izan du Williams area erdian errematatu. Aitzitik, kontraerasoan Cordobak berak ezin izan du jokaldia gelditu eta Benzemak buruz sareetara bidali du baloia.

Hortik aurrera partida ezberdina ikusi dugu. Real Madril gusturago egon da, espazioekin, eta Athletic behartuago eta azken metroetan asmatu barik. Ordu laurden bat falta zela, Athletic partidan zegoen, baina Benzemak arratsaldeko bigarrena egin du, buruz ere, korner baten jaurtiketa errematatuz.

Adurizek eta Williamsek abagune bana izan dituzte taldea lehian sartzeko, baina bigarren abagunean, aukerarik garbiena, atezaina bikain aritu da Williamsen burukada aldentzeko. Luzapenean hirugarrena heldu da, jada dena erabakita zegoen, eta zigor handiegia izan da.

Europar borrokak bizirik dirau eta hurrengo geltokia asteazken honetan bertan izango dugu Leganesen. Bertan ezin izango du parte hartu Raul Garciak, bosgarren txartel horia dela-eta.