undefined

San Mames sasoi betean

San Mames sasoi betean

Denboraldiko lehen heren korapilatsuaren ostean, Athletic Clubeko bazkide eta zaleek taldearekin bat egin zuten helburua lortzeko.

Denboraldiko lehen heren korapilatsuaren ostean, Athletic Clubeko bazkide eta zaleek taldearekin bat egin zuten helburua lortzeko. Egoera frustragarria eta etsigarria zenean, San Mameseko jarraitzaile zuri-gorriek lekukoa hartu zuten taldearen sostengu nagusia izateko. 2019. urtean lehoiek, batez ere etxean, izan duten kirol berpizkundea ulertzeko ezinbestekoa da mahai gainean harmailetatik jasotako berotasuna eta jokalarien kemena parekatzea.

Orotara, denboraldi honetan zehar, San Mamesen 772.426 ikusle bildu dira. Kopuru hau kontuan hartuta partida bakoitzeko batezbestekoa 40.000 ikusle ingurukoa dela ondorioztatu daiteke, hots, azken denboraldietan lortu ez den marka. Adibidez, iazko denboraldian San Mameseko harmailetan bildutako jarraitzaileen batezbestekoa 37.356koa izan zen.

Bartzelona, Real Madril eta Real Sociedaden aurkako partidetan 45.000 ikusletik gora bildu zen. 40.000 ikusleen kopurua ere gainditu zen Valladolid, Sevilla, Betis, Eibar, Alaves eta Celtaren aurkakoetan, eta kopuru horretatik gertu ibili zen Villarreal, Valentzia, Getafe eta Atletico Madrilen kontrako egunetan.

Bitxikeria bada ere, Gironaren aurkakoa izan zen San Mamesera bildutako zale kopururik eskasena. Astelehena zen, abenduko zubiaren ostean, eta 34.000 lagun inguru zenbatu ziren. Orduan, Gaizka Garitanok eserleku zuri-gorritik bere Ligako lehen partidari aurre egin zion hiru puntu baino zertxobait gehiagoko balioa zuen hil ala biziko partida beroan.