undefined

Raul Garcia: “Ideiak argi ditugu”

Raul Garcia: “Ideiak argi ditugu”

Jokalari nafarrak prentsa agerraldia egin du Athleticek larunbatean Wanda Metropolitanon jokatu behar duen partidaz hitz egiteko

Raul Garciak hitza hartu du Lezamako prentsa aretoan goizeko lan-saioa bukatu ondoren. Azken jardunaldietan garaipenik lortu ez izana deitoratu du nafarrak: “Denboraldi honetan ezagutu ez dugun bolada bizitzen ari gara, irtenbideak bilatu behar ditugu egoerari buelta emateko”. Dena den, joan den asteburuan Valladoliden aurka jokatutako partidan irabaztea merezi izan zutela gogoratu du: “Irabazteko adina meritu egin genuen, Valentziaren aurka bezala”.

Lehoiek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute larunbatean (Wanda Metropolitano, 21:00etan), Raul Garciaren talde ohiaren kontra: “Izan dituzten aldaketengatik, partidetan erritmoa hartzea kostatzen zaion taldea da Atletico. Hala ere, oso talde konplikatua da eta asko exijituko digu. Ideiak argi ditugu guk, badakigu zer egin behar dugun”, azaldu du jokalariak.

Aurkariek baino lehen gola egitearen garrantziaz galdetuta, norgehiagokaren une ezberdinak irakurtzea funtsezkoa dela gogoratu du nafarrak: “Valladoliden aurka aurretik jarri ginen eta ez genuen asmatu abantaila hori mantentzen”. Taldearen barnean duen garrantzia ere izan du hizpide: “Ez dago jokalaririk taldearen gainetik dagoenik. Norberak bere jokatzeko era dauka, baina taldean pentsatu behar dugu beti. Berdin dit non jokatzen dudan, ez dut arreta goletan jartzen. Taldean nola lagundu dezakedan pentsatzen dut beti”.