undefined

Gol festak ez du etenik Lezaman

Gol festak ez du etenik Lezaman

Bilbao Athleticek 4-1 irabazi dio Unionistasi, Ezkieta atezainaren lan bikainarekin

Bilbao Athleticek bolada onean jarraitzen du etxean. Lezamako euri zaparradaren azpian, zuri-gorriek mendean hartu dute Salamancako Unionistas taldea (4-1) eta garaipenaren bidera itzuli dira, joan den astean Burgosen estropezu egin ondoren. Arratsalde bikaina izan da Jokin Ezkieta atezainarentzat. Penalti bat gelditu du bigarren zatitan, markagailua 2-1ekoarekin zegoenean.

Salamancako taldea zuri-gorrien hasierako bultzada geldiarazten saiatu da baina Joseba Etxeberriaren mutilek laster egin dute lehen gola. Morcillo area barruan sartu, Ribellesek falta egin eta epaileak penaltia adierazi du. Aurrelariak ez du hutsik egin eta 19. minutuan aurretik jarri du Bilbao Athletic. Unionistas CFko jokalariek ondo eutsi diete zuri-gorrien lehen golari eta atsedenaldira iritsi baino lehen eskura izan dute berdinketaren gola. Jokin Ezkietak, baina, maisuki gelditu du Diego Gonzalezekin eduki duen buruz-burukoa.

Bigarren zatia hasi eta hiru minutura lortu du Unionistasek berdinketaren gola: Gongoraren jaurtiketa libre baten osteko aldaratzea ondo aprobetxatu du Gonzalezek. Zuri-gorrien erreakzioa berehalakoa izan da eta 59’an 2-1ekoa iritsi da markagailura: Morcillok baloia berreskuratu du aurkariaren area barruan eta goleko pasea egin dio Baqueri, Bilbao Athletic bigarrenez markagailuan aurreratzeko. Partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean berriro berdintzeko aukera ezin hobea izan dute Salamancakoek, 11 metroetatik. Berriz ere Ezkieta, salbatzaile. David Granderen penalti jaurtiketa eta ondorengo aldaratzea ederto gelditu ditu atezain zuri-gorriak.

Bilbao Athleticek partida erabakita utzi du 81. minutuan. Korner baten irteeran egin du 3-1ekoa Oier Luengok eta, luzapenean, Zarragak baloi bikaina jarri dio Saladori partida 4-1ekoarekin ixteko. Bilbao Athleticek sufritu egin du sailkapenean arazoak dituen baina oso lehiakor aritu den aurkari baten aurka. Joseba Etxeberriaren mutilak Bigarren B Mailako II. multzoko lidergoan dira eta Lezaman menderaezinak izaten jarraitzen dute.