undefined

Lehoi emeek bosgarren abiadura jarri dute

Lehoi emeek bosgarren abiadura jarri dute

Vallecasen lau gol egin ostean, Athleticek sendotasunez irabazi dio EDF Logroñori Lezaman (3-0) eta sailkapeneko goiko postuetan dago

Athletic Clubek aurrerapausoak ematen jarraitzen du argi erakutsitako progresioan,  Primera Iberdrolan egindako hasiera zalantzagarriaren ostean. Angel Villacamparen taldeak, lehenago Rayori 1-4koaz haren etxean jipoitu eta gero, gaur arratsaldean EDF Logroñori sendotasunez irabazi dio hiru gol eginez. Garaipenari esker zuri-gorriak sailkapeneko goiko aldean kokatu dira, datorren astean Atletico Madrilen aurka jokatuko duten partida zaila baino lehen.

Hasierako ezusteko baten ondoren, Andrea de la Navak esku batekin atera duena -talde ohiaren aurka jokatu du-, Athleticek hartu zuen partidaren kontrola, eta arriskua sortu zuen Erika, Lucia Garcia eta Ane Azkonaren eskutik. Aipatutako azken jokalari hau buruhauste handia izan da etxekoentzat; 27. minutuan, nafarrak baloi bat lapurtu du aurkariaren arean eta Lucia Garciari utzi dio baloia 1-0ekoa egiteko.

Golak konfiantza eman die Villacamparen jokalariei, eta eroso sentitzen hasi dira Lezamako 2. zelaian. Hamaikakora itzuli den Erika Vazquezen taldekide egokia  Azkona izan da aurreko lerroan. Biek bat-bikoa egin dute eta Erikaren hurbileko jaurtiketa Johansen atezain danimarkarrak salbatu du. Vanesa Gimbert ere bigarren gola egiteko zorian egon da atsedenaldira heldu baino pixka bat lehenago, baina azkenean Azkonak buruz lortu du 42. minutuan, Oihane Hernandezek eskuin hegaletik erdiraketa on bat egin ondoren.

Joan den astean Vallecasen gertatu bezala, Athletic gehiago egiteko gogoz zelairatu da atsedenaldiaren ostean. Azkonaren eskuin hegaleko jaurtiketa batek Erika utzi du berriro Johansen-en aurrean, eta atezainak oinekin kapitainaren gola eragotzi du, baina ezin izan du ezer egin Marta Unzueren errematearen aurrean. Erdilaria aldaratzean adi egon da eta zuri-gorrien aldeko 3-0ekoa jarri du 54. minutuan. Hortik eta partidaren amaierara arte, Athleticek aulkia mugitu besterik ez du egin -Villacampak minutu batzuetako atsedenaldia eman die Azkona, Unzue, Lucia eta Erikari-. Morala hodeietatik jarri duen garaipenaz gozatzeko unea da, datorren igandean Madrilen (12: 00etan) Atleticoren aurka jokatuko den partidaren zain.