undefined

“Irabazteko sufritzen jakin beharko dugu”

“Irabazteko sufritzen jakin beharko dugu”

Zuri-gorrien bolada onari eusteko eta garaipena lortzeko adi ibili beharko direla adierazi du Unai Lopezek

Unai Lopezek prentsa agerraldia egin du gaur goizean Lezaman, Athleticek igandean Sevillan jokatuko duen Real Betisen aurkako partidaren atarian (Benito Villamarin, 14:00).

Taldearen dinamika onaz jakitun, Lopezek lasaitasuna eskatu du emaitza onei jarraipena emateko: “%100ean kontzentratuta egon beharko gara hiru puntuak lortzeko, bestela oso zaila izango da garaipena lortzea. Dinamika ona denean, giroa ezberdina izaten da aldagelan, baina badakigu lasai egon behar garela eta lanean berdin jarraitu behar dugula”.

Zuri-gorriek Real Betis izango dute aurkari igandean. Unaik kalitate handiko jokalariak dituztela adierazi du, eta “sufritzen jakiteaz” aritu da, hiru puntuak etxera ekarri ahal izateko: “Kalitate handia dute, jokalari oso onak. Sufritzen jakin beharko dugu hiru puntuak lortzeko. Sadarren aurkitu genuen etxetik kanpo jarraitu beharreko dinamika. Oso ondo lan egitetik gentozen baina garaipena falta zitzaigun. Badakigu hori dela jarraitu beharreko bidea. Sevillara gogo handiarekin goaz, taldea gerrara joateko eta 3 puntuak ateratzeko prest dago beti“.

Athleticek sailkapenean dituen helburuei buruz galdetuta, zuri-gorriak onartu egin du “sailkapena denok begiratzen dugula eta hor goian egotea harro egoteko modukoa dela. Denok gaude pozik eta harro egiten ari garenarekin, baina egunerokoa da garrantzitsuena. Orain Sevillara joan behar dugu dena eman eta hiru puntuak eskuratzeko“.