undefined

Sekulako erronka

Sekulako erronka

Atletico Madrilek, zuri-gorrien jardunaldi honetako aurkariak, ligako azken hiru tituluak irabazi ditu eta ez du puntu bakar bat galdu bere zelaian denboraldi honetan

Elkar ikusi zuten azkeneko partidan errekor eguna izan zen San Mamesen. Datorren urtarrilaren 30ean urtebete beteko da Athletic Clubek eta Atletico Madrilek jokatu zuten Erregina Kopako final-laurdenetako partidatik. Egun hartan, 48.121 arima izan ziren Katedralean lehoi- emeak animatzen. Orduan, Atletico Madrilek, hirugarren aldiz jarraian, liga txapelketa lortu zuen eta Kopako txapeldunorde amaitu zuen denboraldia. Bestalde, Athleticek, Joseba Aguirreren lau urteko zikloa amaitu zuen; ligako titulu bat (2015-2016 denboraldian) irabazi ta gero.

Angel Villacampa Lezamara etorri zen joan den udan emakumezkoen lehen taldearen gidaritza hartzeko, talde madrildarrean hamarkada bat egon ondoren, ligako bi txapelketa eta Erreginaren Kopa bat irabazita. “Villa” ren itzulera izango da Primera Iberdrolako hamabigarren jardunaldiko partida hau berezi egingo duen datuetariko bat. Izen handiko partida jokatuko dute Wanda Kirol Zentro berrian, igandean, 12: 00etatik aurrera.

Internazionalez betetako taldea

Aurrekariei dagokienez, 2007-2008 denboralditik hamabi aldiz jarraian jokatu dute elkarren aurka ligan, 6 porrot, 3 berdinketa eta 3 garaipen lortu dituzte madrildarrek. Ligako tituluaren azkeneko txapeldunak bigarren postuan daude sailkapenean, 25 punturekin, eta partida bakarra galdu dute, Bartzelona liderraren aurka. Aurreko jardunaldian Sevillan Betisen aurka berdindu zuten. Lezaman, aldiz, Athleticek EDF Logroñori ondo irabazi zion.

Pablo Lopezek Atletico Madril zuzentzen du duela bi hilabete Sanchez Verak alde egin zuenetik. Talde madrildarrak futbol bertikala eta talde jokoa proposatzen du. Normalean, Lopezek nazioarteko futbolariekin soilik osatu dezake hamaikakoa. Jennifer Hermoso pitxitxia Bartzelonara joan arren, Ludmilari edo Levantetik iritsi zen Charlyni esker gol asko sartzen jarraitzen du taldeak, Talentu handiko taldea da: Angela Sosa, Torrecilla, Meseger, Amanda Sampedro, Tounkara, Kenty, Van Veenendaal… Gainera, igandeko aurkariak jokatutako guztia irabazi du etxean denboraldi honetan. Athletic Clubek sekulako erronka izango du.