undefined

“Badakigu zein Eibarrekin egingo dugun topo”

“Badakigu zein Eibarrekin egingo dugun topo”

Dani Garciak azpimarratu du larunbatean Eibarren aurka San Mamesen jokatuko den derbia “nahiko parekatua” izango dela

Goizeko entrenamenduaren ostean, Dani Garcia Athleticeko erdilariak prentsaurrekoa eskaini du Lezamako prentsa aretoan, harentzat aste “berezi” batean, 2012 eta 2018 urteen artean SD Eibarren jokatu eta Bigarren B Mailatik LaLiga Santanderrera igotzea lortu zuelako, eta horregatik, “lagunak izango ditut aurrez aurre” (larunbata, 18:30ean, San Mames).

Aurreko jardunaldiko Real Betisen aurkako porrotari buruz galdetuta, Zumarragakoak adierazi duenez “galtzen duzun bakoitzean hurrengo partida azkar iristeko gogoa izaten duzu utzitako aho-zapore txarra kentzeko; nahiz eta kolpe bat izan (Sevillakoa) bide zuzenetik goazelakoan nago, bolada onetik gentozen eta ez dugu desbideratu behar“. Talde armaginaren aurkako norgehiagokari begira, Dani Garciak argi utzi duenez “Eibarrek beti berdin jokatuko du, ‘Mendi’-k ez du ezer aldatzen aurkariarekiko, badakigu zein Eibarri egingo diogun aurre, presioa handia egingo dute, baina gauzak landuta dauzkagu presio horretatik ateratzeko, ondo etor dakiguke atzetik jokoan argitasuna baldin badugu“. Gipuzkoarren indar puntu bat zein izan daitekeen ere nabarmendu du: “LaLigan gehien erdiratzen duen taldeetako bat da; ondo itxi behar ditugu erdiraketa horiek, eta euren aurrelariek ez dezatela argi errematatu“.

Athletic Clubek denboraldiaren amaieran dituen Ligako helburuei buruz, Dani Garciak aitortu duenez “sekulako ilusioa egiten du astero zure burua Europan ikustea. Ez dugu zenbakirik egiten, baina bai kalkuluak, astelehenean heldu eta hurrengo partida irabaziz gero Europako postuetan jarraituko dugula esanez“. “Ez dut inoiz Europan jokatu, eta aurrean dudan erronka da, ilusio handia egingo lidake“, amaitu du.