undefined

“Igandean irabazita gauzak beste modu batera ikusten hasiko dira”

“Igandean irabazita gauzak beste modu batera ikusten hasiko dira”

Ibai Gomezek “beste bolada positibo bat” hartu nahi du bere talde ohia den Deportivo Alavesen aurka garaipen batekin hasita

Santutxuko jokalaria Ibai Gomez Lezamako prentsa aretoan azaldu da Athletic Clubek Deportivo Alavesi bisita egingo dion astean (igandea 23, 14:00etan), Ligako 25. jardunaldiko derbian. Ibaik aitortu du ligako azken bederatzi jardunaldietan garaipenik ez lortzea “bolada oso txarra” dela, eta “taldeak lehenbailehen aldatu nahi du bolada hori; ez ditugu gol asko sartzen eta hobetu behar dugun zerbait da“.

Bilbotarrak liga zein kopa txapelketaren garrantzia azpimarratu du. “Kopako emaitzan dena fidatzea arriskutsua da, ezin dugu Liga alde batera utzi, baina aukera paregabea dugu“, esan du Granadan jokatuko den partidari buruz, San Mamesen lortutako 1-0 emaitza ikusita.

Igandean Gasteizen jokatuko den partidari buruz, Ibai Gomezek bere aurreko klubarekin egingo du topo. “Oso berezia izango da Mendizorrotzara itzultzea, Deportivo Alavesi maitasun handia diot“. Talde babazorroari dagokionez, “oso talde arriskutsua” dela esan du eta partida “oso itxia” izango dela uste du, “orden handiko talde baten aurka, gol aukera gutxirekin; haiek erosoago daude kontraerasoan jokatzen“. “Igandean irabazten badugu gauzak beste modu batera ikusten hasiko dira, beste bolada positibo bat hartu nahi dugu“.