undefined

“Betisek denboraldiko unerik onena bizi du”

“Betisek denboraldiko unerik onena bizi du”

Angel Villacampak Real Betis bizitzen ari den sasoi ona nabarmendu du; Erreginaren Kopan jarraitzen du ere talde andaluziarrak

Angel Villacampa Athleticeko entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du bihar Sevillan, 13: 00etan, Real Betisen aurka zuri-gorriek jokatuko duten partidaren bezperan. Entrenatzaileak bere taldearen sasoi ona azpimarratu du, lau partida jarraian irabaztea lortu baitu, Erreginaren Kopan final-laurdenetan pasatu ostean. “Derbia irabaztea hiru puntu baino askoz gehiago irabaztea da, asko dago jokoan. Hona iritsi nintzenean sutan grabatu nuen derbia irabazi beharra zegoela. Argi dago ondo ari garela lehiatzen eta bajak izan arren jokalari berriak bere lekua hartzen joan dira eta taldeak maila mantendu eta are igo ere egiten duela. Garaipenek indartu egin gaituzte egin nahi dugun guztian”, esan du Villacampak.

Primera Iberdrolako 21. jardunaldia Luis del Solen jokatuko da, zelai horretan lehoiek jokatutako partida guztietan puntuak lortu dituzte. Villacampak, ordea, Cherubinoren taldeak bizi duen sasoi onaz ohartarazi du. Joaneko partidan 2-1 irabazi zioten Lezaman Contrerasek zuzentzen zuen taldeari. “Talde erabat ezberdina da, bereziki beste moral bat daukalako. Entrenatzaile berriaren etorrerarekin emaitza positiboak lortzen joan dira. Gainera Atletico Madril kanporatu zuten Kopan eta horrek moral handiarekin egotea eragiten du. Denboraldiko unerik onena igarotzen ari direla uste dut eta oso partida zaila izango da”.

Neurketaren gakoa “intentsitatean berdintzea da. Berez zelaia zaila da eta intentsitatea berdintzen ez baduzu benetan gaizki pasatzen duzu. Hortik aurrera, min egin behar dugu gure indarguneen bitartez eta gure erasoko jokalariek euren bertsiorik onena eskaini beharko dute”.

Denboraldian honetan, Naroa Uriarte filialeko jokalaria estreinakoz sartu da partida ofizialerako deialdian. Gainera, Nerea Nevado eta Amaiur Sarriegi ere zerrendan daude. Hauek dira Sevillara doazen 18 jokalariak: Ainhoa Tirapu, Andrea Sierra, Ainhoa Moraza, Garazi Murua, Ainhoa Alvarez, Damaris Egurrola, Maria Diaz, Yulema Corres, Maite Oroz, Eunate Arraiza, Ane Azkona, Lucia Garcia, Andrea de la Nava, Vanesa Gimbert, Oihane Valdezate, Amaiur Sarriegi (27), Nerea Nevado (29) eta Naroa Uriarte (25).