
“Orain LaLiga-n topera ibili behar gara”
“Orain LaLiga-n topera ibili behar gara”
Gaizka Garitano, pozik Kopan lortutakoarekin, baina onartu du akats bat izango litzatekeela hemendik aurrera taldea ez bada “%100ean” ligan zentratzen
Gaizka Garitanok Lezamako prentsa aretoan egin du agerraldia, bihar, igandea, Valladoliden eta Athleticen arteko neurketaren atarian. Zuri-gorrien entrenatzailea pozik agertu da taldeak joan den ostegunean lortutako emaitzagatik, Errege Kopako finalerdietan Granada CF kanporatu ostean: “Pozik nago jendeagatik. Ilusio bat sortu dugu, eta daukagun babesa ikusten dugu. Denon artean lortu dugu, mundu guztiaren batasuna oso handia izan delako“.
Hala ere, entrenatzaileak onartu du hemendik aurrera Ligan ez zentratzea akats bat izango litzatekeela: “Futbolean ezin duzu inoiz hilabete batera pentsatu, berehalakotasuna behar da. Mentalki lana egin behar dugu Ligan soilik zentratzeko eta gainerakoa ahaztu, bestela oker egongo gara. Oraintxe bertan axola duena da eta Ligan aurpegia eman behar dugu“.
Bihar Real Valladolid zain egongo da. Garitano aulkira heldu zenetik ez du garaipena ezagutzen haien aurka. Deriokoak, aurkari zail baten aurka, etxetik kanpo garaipen bat lortzea espero du, azken norgehiagoketako sentsazio onei jarraipena emateko: “Oso talde antolatua da eta oin oneko futbolariak ditu. Sergio aulkian dela, oso ondo ari dira. Emaitza onak lortu ditugun bi partidetatik gatoz eta horrek astea ondo bukatzera bultzatu behar gaitu. Etxetik kanpo garaipen bat lortzen saiatuko gara. Daukagun erronka bat da, berriz ere etxetik kanpo irabaztea“.