undefined

Golik eta lasaitasunik gabeko berdinketa

Golik eta lasaitasunik gabeko berdinketa

Lehoiek ez dute Rayo Vallecanoren aurkako golik lortu, neurketa hasieratik bukaerara menderatu arren

Athleticek eta Rayo Vallecanok berdinketa lortu dute larunbat goiz honetan. Golik gabeko partida, zuri-gorrien kolore argiarekin. Taldea jaun eta jabe izan da norgehiagokan, baina ez du aukerarik aurkitu sortutako aukerak gauzatzeko. Dozena bat korner baino gehiago, aukera argiak eta Larqueren jardun ona. Aurkariaren atezainak garaipena lortzea eragotzi die lehoiei.

Lehen zatian Athletic nagusi izan da jokoaren alde guztietan. Rayo Vallecano bere zelaian sartuta izan du eta madrildarrek ez dute zuri-gorrien area zapaldu lehen 45 minutuetan. Abaguneei dagokienez, Oihanek eskuineko erreitik egindako jaurtiketa Larquek desbideratu behar izan du 19. minutuan. Handik gutxira, Nekanek baloi ona jarri dio Jone Ibañezi, eta honek, orrazkeran, kanpora bidali du baloia gutxigatik. Yulema Corresek area kanpotik probatu du ere, baina atezainarekin egin du topo. Aldageletatik pasa aurretik aukerarik onena Oihaneren oinetara iritsi da berriro, erdiraketa batean baloiak langa ukitu baitu.

Atsedenaldiaren ostean, Naroa Uriartek abisua eman du, area kanpotik egindako jaurtiketa gogor batekin. Yulema berriz, 68. minutuan, area kanpotik, saiatu egin da eta Larquek esku erabakigarria atera du baloia kornerrera bidaltzeko. Lehoiek gehiago izaten jarraitzen zuten, baina Rayo Vallecanok ehundutako zirrikituan trabatuta zeuden. Korner batean Jone Ibañezek desbideratutako errematea bidali du eta Naroak aldaratze batean atezainarekin topo egin du.

Denbora agortzen ari zen, eta Athletic behin eta berriz saiatzen. 86. minutuan Jone izan da goletik gertuen izan dena, baina baloiak ezker zutoina miazkatu du. Amaierara arte saiatu dira Villacamparen neskak, baina ez dute zorterik izan golari begira.