undefined

Garaipena derbi zoro batean

Garaipena derbi zoro batean

Athleticek 2-1 irabazi dio Realari azken bost minutuetan markagailua iraulita, eta laugarren garaipena jarraian lortu du ligan

Athleticek eta Realak derbi polita oparitu diote ikusleari Lezaman, eta lehoiek 2-1 irabazi dute azken txanpan. Oihane Hernandezek eta Lucia Garciak 89.ean eta 92.ean sartutako golek laugarren garaipena jarraian eman diote Athletici. Zuri-gorriek aukera asko izan zituzten eta gehiegi barkatu zuten, baina merezitako saria lortu zuten azken minutuetan.

Neurketa Reala zelaian ondo kokatuta zegoela hasi zen, baina aukerak lehoien esku eman ziren. Maria Diazek 3. minutuan jarritako erdiraketa ez zuen gutxigatik Lucia Garciak errematatu. Mariak berak abisu bat bidali zuen ondoren, gora joan zen jaurtiketa batekin. Realak Gemmarekin erantzun zuen eta bere jaurtiketa batek langa ukitu zuen 10. minutuan. Zurigorrientzako aukera argienetako bat Luciaren kontraeraso bat izan zen, zorterik gabe. Yulema Corres buruz saiatu zen, Eunatek erdiratu eta gero, baina Olatz atezaina ederki ibili zen.

Bigarren zatiak bi taldeen arteko erritmo handiarekin jarraitu zuen. 60. minutuan Mendoza adi egon zen Lucia Garciak Yulemaren buruan jarritako baloia uxatzeko. De la Navak ondo erantzun zion Amaiurren jaurtiketari. Yulemak Olatzekin edukitako buruz buruko jokaldi zalantzagarri batek partida erotu zuen. Barbarak, kontraeraso batean, Nahikari utzi zion baloia eta De la Navak bikain erantzun zuen bere gola saihesteko. Baños ere saiatu zen 69. minutuan.

Partidak oso lehiatua eta erritmo handikoa izaten jarraitzen zuen. 76. minutuan, Lucia Garciak, Marta Perearen pasea baliatuta, ezin izan zuen Olatzen irteeraren aurrean jaurtiketa ona egin. 81. minutuan, Barbara Latorrek area zapaldu zuen eta Amaiurrek jaurtiketa gurutzatua egitea lortu zuen lehenengoa sartzeko. De la Navak 0-2koa saihestu zuen tenkada batekin, Athletic ondoezik zegoenean. Oihane Hernandez bigarren zatian zelairatu zen, eta berdegunera irten bezain laster erdiraketa gaiztotu batekin Olatz gainditu zuen partida berdintzeko 89. minutuan. Luzapenean, Oihane Hernandez berriz, 2-1ekoa jarri zion Lucia Garciari 92. minutuan.

Liga honetako boladarik onena lortu dute lehoiek, lau garaipen jarraian lortuta.