undefined

Elizegi: “Gure indar nagusia Lezaman dago”

Elizegi: “Gure indar nagusia Lezaman dago”

Athleticeko presidenteak denboraldiko balantzea egin du: “Zapore gazi-gozoa uzten digu, baina denborarekin gehiago baloratuko da”

Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak agerraldia egin du gaur goizean San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan, 2020-21 denboraldiaren balantzea egiteko. Elizegik honela baloratu du: “Zapore gazi-gozoko denboraldia izan da, guztiok gogoratuko ditugun une politekin, Real Madril eta Bartzelonaren aurkako Superkopako titulua kasu, baina, zalantzarik gabe, eskatzen zaigun mailan egon ez garen beste momentu batzuekin. Apirilean itxaropen handia jarri genuen, eta une garrantzitsuetan ez ginen gure mailarik onenean egon. Lehiakortasunean eta denboraldi amaieretan jarraikortasuna hobetu behar dugu “.

Athleticeko presidenteak azpimarratu duenez, “Ligan lor genitzakeen baina bete ez ditugun itxaropenak sortu ditugu. Helburua argia da, urtero Europarako sailkapena borrokatzea “. Elizegik gaineratu duenez, “Marcelinok eta Iraiak denboraldi-aurrea eta denboraldi osoa izango dute bertan. Gure betebeharra da ekonomikoki eta posizio bakoitzean konpetentzia duen talde orekatu bat sortzea da, eta Kirol Zuzendaritza lanean ari da bi teknikariekin hori lortzeko “.

Udako merkatuko fitxaketen eta bajen ganean honakoa azpimarratu du presidente zuri-gorriak: “Gure indar handiena Lezaman dago, eta horrela ikusten dugu egunero. Jokalariak prestatzen ditugu, postu bakoitzean lehia sortu eta zuzendu. Badakigu merkatuan zer nolako mugak ditugun, eta horregatik asmatu behar dugu gure mugimenduekin. Kirol Zuzendaritza lanean ari da, baita ere, postu bakoitzerako zein jokalari behar den eta zein jokalarik ez duten momento honetan eskatzen den maila ematen erabakitzeko”.

Joseba Etxeberria Bilbao Athletic utzi izana ere baloratu du Elizegik: “Lezaman etapa arrakastatsua bete du, bikaina izan dela esango nuke. Maila profesionalean lehiatu ahal izateko jokalariak prestatu ditu, hori zen bere betebeharra eta entrenatzaile berriarengan bilatzen ari garena. Josebari zortea opa diogu eta ea egunen batean Athleticen eta entrenatzailearen bideak gurutzatzen diren “.