undefined

Filialaren porrota Mirandesen aurka

Filialaren porrota Mirandesen aurka

Imanol de la Sotaren mutilek 0-1 galdu dute LaLigako Smartbank taldearen aurka denboraldi-aurreko lehen lagunartekoan

Bilbao Athleticek ezin izan du Bigarren Mailako CD Mirandes gainditu denboraldi-aurreko bere estreinaldian. Mirandako taldea nagusitu da Zamudion Carreirak bigarren zatian sartutako gol bakarrari esker.

Lehen proba ona izan da Imanol de la Sotaren lehoikumeentzat. Bilbao Athleticek aurre egin dio LaLiga Smartbankeko taldeari eta berdinketaren bila ibila da azken minutura arte.

CD Mirandesek aurpegi ezagunak zelairatu ditu hamaikakoan:Imanol Garcia de Albeniz eta Iñigo Vicente, Athleticek utzitako jokalariak. Imanol de la Sotak jokalari hauek zelairatu ditu: Unai Perez, A. Nuñez, Kortazar, Jaso, Sillero, U. Naveira, Jon Guruzeta, Victor, Ewan, Agirre eta Cabo.

Lehen zatian, Unai Perez atezain zuri-gorriak esku-hartze bikaina izan du Meseguerren jaurtiketari erantzuteko, eta ondoren Simonen jaurtiketa indartsua gelditzeko, bisitarien gola saihesteko. Lehoikumeen argiena Caboren burutik pasa da, baina bere errematea, Bilbao Athleticen konbinazio on baten ondoren, gora joan da gutxigatik.

Bigarren zatian hauek ere zelairatu dira Gazituagako berdegunera: Padilla, Arberas, Goti, Ibai Sanz, Kepa Uriarte, Beñat de Jesus, Diarra, Luis Bilbao eta Oier Lopez.

Partidako gol bakarra 54. minutuan iritsi da, Carreirak sartua, RC Celtaren harrobikoa, Iñigo Vicenteren pase on baten ostean.

Bilbao Athleticek datorren asteazkenean, uztailak 28, jokatuko du hurrengo lagunartekoa, CD Laredoren aurka Nojan (19:00etan).