undefined

“Akatsak zuzentzeko denbora izan dugu”

“Akatsak zuzentzeko denbora izan dugu”

Iturregik uste du aurtengo SD Eibarrek nabarmen hobetu duela iazko denboraldiarekin alderatuta

Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileak 24 ordu baino gutxiagora egin du agerraldia hedabideen aurrean, Primera Iberdrolaren hirugarren jardunaldia jokatu aurretik. Lehoiek Eibarren aurka jokatuko dute bihar, 11:00etatik aurrera, Unben. Iragan asteburuko etenaldiaren ostean, zuri-gorriak derbi berri batekin itzuliko dira lehiaketara.

“Lan egiteko eta akats batzuk zuzentzeko denbora izan dugu, batez ere eraso lerroan. Ez zait gustatu hain azkar gelditzea, San Mameseko emaitza alde batera utzita. Hiru internazionalak itzuli dira eta gaur bakarrik izan ditugu, partidaren aurreko egunean. Bihar partidarako prest egongo dira “, esan du Loiukoak.

Aurkariari dagokionez, talde armaginak garaipen bat du etxean, lehoiek bezala. “Denboraldi-aurrean Eibarren aurka jokatu genuen eta niri taldea gustatu zitzaidan, horregatik ez nau harritzen bere errendimenduak. EH Kopako emaitza gogorregia izan zen haientzat. Talde erasokorra da, erasora doa, iaz baino konbinatiboagoa den futbola jokatzen du eta defentsan ere hobera egin dutela uste dut. Etxeko eta Kataluniako jokalariak dituzte, gazteak eta eskarmentudunak. Zentzu guztietan oreka handia duen plantilla da. Ana Junyent Seagulleko etapatik ezagutzen dut, Reto Iberdrolan elkarren aurka aritu baikinen. Bere jokalarien ezaugarriak aprobetxatzeko prest dagoen entrenatzailea da”.

Iaz 2-5 amaitu zen norgehiagoka Unben jokatuko da, belar artifizialeko berdegunean. “Ohitu eta egokitu egin behar gara. Unben jokoa zuzenagoa da. Madrilen jokatu genuena baino zelai handiagoa da, baina aireko gudek, bigarren jokaldiek eta geldikako jokoak garrantzia hartuko dute”, esan du Iturregik.