undefined

Lehoiak nagusitu dira Valentzian

Lehoiak nagusitu dira Valentzian

Athleticek 1-3 irabazi dio Valencia CFri, Yulema Corresen bikoizketari eta Ane Azkonaren golari esker, eta bigarren garaipena jarraian erdietsi du

Athleticek beste garaipen bat lortu du, bigarren jarraian, Valencia CFri bere zelaian 1 eta 3 irabazita. Lehoiek etxetik kanpo jokatu dituen lehen hiru partidak irabazi dituzte eta 9 puntu dituzte sailkapenean, igandean Lezaman Real Madrid hartzeko zain. Yulema Corresek egindako bikoizketak eta Azkonak sartutako golak garaipena eman diete zuri-gorriei.

Lehen zatian Athletic Clubek aukera argiak izan zituen. Vanesa Gimbert, geldikako jokaldian, zuri-gorrien aurretik jartzeko zorian izan zen, baina defentsa batek bere errematearen ibilbidea eten zuen, 5. minutuan. Yulema Corres eta Peke urruneko jaurtiketekin saiatu ziren, baina ez zuten zorterik izan, eta handik gutxira Lucia Garciak beste aukera on bat izan zuen. Valencia CFk ez zuen aurkariaren area zapaldu eta Iturregiren neskek jokoaren eta partidaren kontrola zuten. Hala ere, Valentziako taldea 25. minutuan aurreratu zen Carroren bitartez, estrategia jokaldi batean Quiñones gaindituta. Zuri-gorriek berdinketa Yulema Corresen jaurtiketan aurkitu zuten, 38. minutuan, Noelia Gilen zalantzazko irteera baten ostean. Aldaratze bati etekina atera eta aurrelari gasteiztarrak partida berdindu zuen. Sentsazio hobeekin, Athleticek aldageletarako bidea hartu zuen.

Bigarren zatian, Azkonak aukera paregabea izan zuen kontraerasoan, baina bere jaurtiketa gora joan zen, lehen jokaldi arriskutsuan. 65. minutuan Antonio Puchadesen dorreetako batean itzalaldia egon zen, zelaia argi gabe utziz, eta pultsazioak jaitsi egin ziren. Jokoa berriro hasi zenean, hamar minutuz argirik gabe egon ostean, Yulema Corresek argia eman zion erdiraketa bati eta burukada batekin 1-2koa jarri zuen markagailuan, bere bigarren gola sinatuz. Erika Vazquez berdegunean sartu zen bere entrenatzailearen, Iraia Iturregiren marka 402 partidekin berdintzeko. Lucia Garciak, kontraeraso azkar batean, penalti puntutik egindako saiakeran izan zuen hirugarrena, baina norgehiagokak jabe argirik gabe jarraitzen zuen.

Aurrelari zuri-gorriak Ane Azkonari eman zion partida bukatzeko aukera, bakarkako jokaldi ikusgarri baten ostean. ’16’-ak 1-3koa jarri zuen markagailuan eta lasaitasun gehiago eman zionAthletici. Iturregiren taldeak hiru puntu berri lortu eta Lezamatik urrun jokatu dituen hiru partidetan garaipenak erdietsi ditu. Igande honetan Real Madriden aurka jokatuko dute neskek Lezaman, aurten, bertan, zuri-gorrien lehen partida izango dena.