undefined

Lehoiak itzel estreinatu dira Lezaman

Lehoiak itzel estreinatu dira Lezaman

Athleticek 2-0 irabazi dio Real Madrili eta hirugarren garaipena jarraian lortu du denboraldi hasiera bikain batean

Athletic Club bolada onean dago. Lehoiek 2-0 irabazi diote Real Madrili Lezaman jokatutako lehen partidan, Peke eta Azkonaren golei esker. Iraia Iturregiren jokalariek hirugarren garaipena jarraian lortu dute.

Lehen zatia nor baino nor ibili dira bi taldeak, aurreikusi bezala. Zuri-gorrie sentsazio hobeekin ekin diote partidari eta Yulema Corresek lehen abisua eman du 6. minutuan, area txikian kontrolatu ondoren, jaurtiketa indartsua lortuta. Real Madril Lorena edo Mollerren urruneko jaurtiketekin saiatu da. Azkona, eskuin hegalean oso bizi, ez da gutxigatik lehen gola egitera heldu 14. minutuan Misarekin izan duen buruz burukoan.

Bigarren zatian Peke izan da Misa zutoinpean probatu duen lehena. Zornozak, bere aldetik, aterik aurkitu ez duen jaurtiketa batekin erantzun du. 64. minutuan, Arrigorriagako aurrelariak 1-0ekoa sinatu du, Nekanek orpoz Pekeren mugimendurako utzi duen baloi bikain batekin. Ainizek ez du barkatu eta denboraldiko bigarren gola egin du. Erika Vazquez jokatutako partida ofizialen rankingean Iraia Iturregi gainditzeko zelairatu da, eta 403 neurketekin bigarrena da zerrendan, Eli Ibarraren atzetik (413).

Real Madrilek gainerakoa bota eta erasora jo du amaieran, baina lehoiek gogor defenditu dute euren atea. Ahaleginaren saria Azkonak ekarri du 85. minutuan, madrildarren irteera txar bat aprobetxatuz eta neurketa erabakita utziz. Nafarrak hirugarren tantoa lortu du burutzen ari den kanpaina hasiera bikain batean. Garaipenak ez du ihes egin Lezamatik, athleticzaleek ederki gozatu duten partida eder batean.

Hirugarren garaipena jarraian neskentzat, bostetik lau. Datorren igandean Sevilla izango dute aurkari.