undefined

Lehoien golek sinadura desberdinak daramatzate

Lehoien golek sinadura desberdinak daramatzate

Zuri-gorrien denboraldi hasiera ona bultzatzeko hainbat jokalarik egin dute ekarpena erasoan

Athleticen Liga hasiera txapela kentzekoa izaten ari da. Jokatutako 21 puntuetatik 16 lortu ondoren, joan den igandean Primera Iberdrolako hirugarren postuan kokatu ziren lehoiak, UEFA Women ‘s Champions Leaguerako txartela ematen duena. Orain arte zuri-gorriek erakutsitako joko txukunaz gain, lehoiek erasoko lerroan duten aparteko maila erakutsi dute, hainbat aurrelarik alde golegilean estrenatzea lortu baitute.

Denboraldi honetan, orain arte sartutako 11 golek bost lehoi ezberdinen sinadura izan dute. Zerrendan sartu zen azkena Erika Vazquez izan zen, zazpigarren jardunaldian lortutako garaipenean Villarrealen aurka sartutako golari esker. Gainera, gol horrekin, Athletic Cluben aritu den denboraldi guztietan (hamazazpi) gola sartzea lortu du aurrelari nafarrak. Klub zuro-gorrian historia egiten jarraitzen du Erika Vazquezek.

Gainera, Iraia Iturregik zuzentzen duen taldearen erasoko lerroa sasoi onean dago. Izan ere, aurrelari beteranoarekin batera, beste hiruk ere golak sartu dituzte aurten. Pekek, Azkonak eta Yulema Corresek hirutan lortu dute goleko saria, puntuak suposatu dituzten golak, gainera.

Primera Iberdrolako lehen jardunaldian, Madrid CFF taldeari egindako bisitan, Garazi Murua defentsa izan zen golegileen zerrendan sartu zen lehena. Kapitainak talde madrildarraren atezaina gainditu zuen geldikako jokaldi batean, korner batean erdietsitako burukada batekin, alegia.