undefined

Lehia zuzena La Palmeran

Lehia zuzena La Palmeran

Athleticek ez du inoiz punturik lortu UDG Tenerifeko zelaian, denboraldiko unerik onenean dagoen taldearen etxean

Lehoiak Tenerifen daude, kirol arloan beraientzat erabat arrotza den lurraldean. Gaur arratsaldean Primera Iberdrolako hamalaugarren jardunaldia jokatuko da eta Athletic Clubek UDG Teneriferen aurka jokatuko du. Granadillaren aurkako sei partidetan, Bilboko taldeak porrotak besterik ez ditu batu, punturik lortu gabe. Beraz, zelai madarikatua da, oraindik konkistatzeke dagoena.

Iturregik zuzendutako neskak uharteetara joango dira La Palmeran, Tenerifeko taldearen zelaian, lehen garaipena lortzeko asmoz. Belar artifizialeko zelaia da, non joko landua egitea ez da erraza. Aireko jokoak du lehentasuna, eta, hortaz, geldikako jokaldiak garrantzi handikoak izango dira, bai defentsan bai erasoan. Azken bi hitzorduetan lehoiek gol baten aldeagatik galdu egin zuten (1-0 penaltiz, eta 3-2 aurreko denboraldian).

Talde indartsua eta aritua

Bi aurkari zuzenen arteko lehia izango da. Lehoiek pasa den jardunaldian Deportivo Alavesen aurka berreskuratutako laugarren postua defendatu nahi dute; UDG Tenerifek berak mehatxatutako postua, bosgarren postuan baitago, zuri-gorriengandik puntu bakarrera (23). Gainera, Francis Diazek zuzentzen duen taldeak 15 puntu lortu ditu jokoan egon diren azken 18etatik. Bolada onarekin jarraiki, porrot bakarra izan du azken hamaika neurketetan. FC Barcelonak bakarrik hobetu ditu kanariarren zenbakiak.

UDG Tenerifek aurreko denboraldiko taldearen zati handi bat mantendu du: atea ondo gordeta dauka Aline Reis internazionalak, jokalari harrigarriak ditu atzealdean, eta erasoan Maria Jose, Martin Prieto edo Koko beteranoak nabarmentzen dira, besteak beste. Alternatiba asko dituen taldea da, eta iaz seigarren postuan bukatu ostean, denboraldi on hori errepikatzeko asmoa du.