undefined

2021eko lehoi debutariak

2021eko lehoi debutariak

Zazpi jokalarik egin dute debuta Athletic Clubeko lehen taldearekin urte honetan

2021ak aurpegi berriak ikusteko balio izan du. Urte honetan, zazpi jokalari berrik berdegunea zapaldu dute aurrenez Primera Iberdrolan elastiko zuri-gorriarekin lehiatzeko. Jarraian, une berezi horietako bakoitza errepasatuko dugu:

Lehendabizikoa Mariana Cerro izan zen. Erdilaria emakumezkoen futbol maila gorenean estreinatu zen apirilaren 4an Lezaman, Primera Iberdrola 2020-21eko 25. jardunaldiko partidan. Lehoiek 2-1eko emaitzarekin irabazi zioten Santa Teresa Badajozi eta erdilariak Yulema Corres ordezkatu zuen 81. minutuan. Ordutik, lehoi gazteak zazpi neurketa burutu ditu maila gorenean.

Denboraldia amaitu aurretik beste hiru debut egon ziren. Clara Pinedo eta Alejandra Estefania erdilariek ekainaren 6an jokatu zuten lehen norgehiagoka Levanteren Kirol Hirian, 32. jardunaldiko partidan, oraindik adin nagusitasuna bete gabe eta, bitxikeria gisa, unibertsitatera sartzeko azterketa egiteko atarian. Pinedok Leyre Monente ordezkatu zuen 64. minutuan eta Estefa zelaira sartu zen azken hamar minutuak jokatzeko Marta Unzueren ordez. Bi aste geroago, Naia Landaluzek bere lehen minutuak erdietsi zituen Lezaman FC Barcelonaren aurka, 57. minututik aurrera Lucia Garciaren lekua hartu ondoren.

Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte eta Ainize Barea ‘Peke’, udako hiru fitxaketa zuri-gorriak, irailaren 5ean egin zuten debuta Ligako lehen neurketan lortutako garaipenean (0-2) Madrid CFFren aurka, Antiguo Canodromo futbol zelaian. Atezaina titularra izan zen, erdilaria 63. minutuan sartu zen berdegunera Irene Ogizaren ordez eta aurrelariak Paula Aranaren lekua hartu zuen 88. minutuan.