undefined

Maila handiko derbia 2022a estreinatzeko

Maila handiko derbia 2022a estreinatzeko

Athletic Clubek Realaren aurka jokatuko du bihar Reale Arenan, Liga txapelketako bigarren itzuliaren hasieran

Lehoiek urte berria, kirol arloan, erronka handi batekin hasiko dute. Bihar, igandea, urtarrilak 9, Primera Iberdrola itzuliko da, Gabonetako etenaldiaren ondoren, eta Athletic Clubek 16. jardunaldia jokatuko du Reale Arenan. Reala anfitrioi gisa arituko da Donostiako estadioan, beti pizgarri ugari dituen euskal derbian. Lehen Anoeta deiturikoan bi kluben artean jokatzen den laugarren partida izango da. Zuri-gorriek ez dute aurreko hiruretan galdu. Lehen partida 2017-2018 denboraldian izan zen (1-4), bigarrena 2018-2019 denboraldian (2-2) eta azken norgehiagokan, bilbotarrek 1-2 irabazi zuten Nekaneren eta Maria Diazen golei esker.

Sailkapeneko postu altuetan dauden bi talderen arteko partida izango da. Athletic bosgarren postuan dago 23 punturekin eta atzeratutako partida batekin, eta Reala bigarren sailkatua da FC Bartzelona liderraren atzetik. Jardunaldi honetan puntuak pilatzeak Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzea ahalbidetuko lieke Iraia Iturregiren neskei beste bi neurketa izango dituzten aste gogor batean: asteazkenean, hilaren 12an, Lezaman, Betisen aurka, eta igandean, 16an, Buñolen, Levante UD taldearen aurka.

San Mamesen jokatutako joaneko partidan, donostiarrak nagusitu ziren, lehoiek lehen minutuetan bere atean sartutako gol baten ostean. Liga erdia jokatuta, esan bi taldeak bere punturik gorenean daudela baieztatu daiteke, nahiz eta etenaldia egin den eta Athleticentzat, gainera, handiagoa izan den, joan den abenduaren 22an Atletico Madriden aurka jokatu beharreko 15. jardunaldia atzeratu zelako.

Reale Arenan erritmo biziko norgehiagoka izango da ikusgai, erasorako baliabide asko dituzten bi talderekin, eta derbi guztietan bezala, hiru puntu baino gehiago daude jokoan. Bestalde, Natalia Arroyo eta Iraia Iturregi entrenatzaileak, lehen aldiz eseriko dira Reale Arenako aulkietan.