undefined

“Realari min egiteko moduko armak ere baditugu”

“Realari min egiteko moduko armak ere baditugu”

Loiutarrak urtebete bete du gaur lehoien entrenatzaile gisa, eta badaki bihar Reale Arenan garaipena lortzea zaila izango dela

Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du Realaren aurkako derbia jokatu baino lehen. Partida, ligako 16. jardunaldiari dagokiona, Reale Arenan jokatuko da. Loiutarrak, gaur urtarrilak 8, urtebete bete du zuri-gorrien entrenatzaile gisa eta azkar pasa zaiola esan du, hasieran pixka bat sufritu bazuen ere: “Denboraldia emaitza onekin amaitzea lortu genuen eta denboraldi honetan gozatzen hasi gara. Talde hau lehen itzuliko emaitzak eta sentsazioak hobetzeko gai da; prest ikusten dut eta gehiagorako potentziala dugula uste dut. Bigarren itzulirako jartzen dugun helburuetako bat lehenengoan lortutako zenbakiak hobetzea da, goian egon ahal izateko “

Lehoiak lehiaketara itzuliko dira berriro abenduaren 18an azkenengoz jokatu ostean, Atletico Madriden aurkako neurketa atzeratu egin baitzen. “Geldialdia ondo etorri zaigu, burua pixka bat aireztatu behar dela uste baitut. Taldeak Lezamako azken partidan eman zuen maila errepikatzea espero dut”.

Bihar Realaren aurkako partidari begira, Iturregik zuri-gorriak Reale Arenan galdu ez dutela dioten estatistikak alde batera utzi behar direla esan du eta 2. jardunaldian joaneko partidan gertatutakoa gogoratu du. “San Mameseko derbia oso estua izan zen, xehetasun batengatik erabaki baitzen. Orduan bietako inork ez zuen bere benetako maila eman. Biharkoari begira baietz espero dut eta horrek ikuskizuna bermatuko du”.

Txuri-urdinek lehen itzuli bikaina osatu dute eta puntu gutxi galdu dituzte. “Bigarren postuan dagoen Reala dugu aurrean. Meritu handia dute, bai emaitzek, baita erakusten duen jokoak. Baloia edukitzea gustatzen zaie, baina Natalia Arroyo azkarra izan da gustatzen zaion bertikaltasunarekin uztartuz. Jokalariak berak nahi duenaz konbentzitu dituela uste dut, eta berak ere jokalarien ezaugarrietara egokitzen jakin du. Partida zaila izango da, baina guk ere baditugu Realari min egiteko moduko armak “.