undefined

Bilbao Athleticek porrotarekin itxi du denboraldia

Bilbao Athleticek porrotarekin itxi du denboraldia

Primera RFEF-ko azken jardunaldia ez zen gozoa izan lehoikumeentzat, UD Sanseren aurka galdu baitzuten Matapiñoneran

Bilbao Athleticek agur esan dio denboraldi zail bati, Primeran RFEF-n mantenduta, baina etxetik urrun porrota jasoz. Lehoikumeek markagailuan aurrea hartzeko aukerak izan zituzten lehen zatian, baina talde madrildarraren 9 zenbakiduna den Arturo izan zen ate aurrean asmatu zuena. Partiduaren amaieran, korner jaurtiketa batean, Barok bigarrena egin zuen.

Etxeko taldearen partidaren hasiera hobea izan zen eta bi aukera izan zituen talde zuri-gorria soken aurka jartzeko. Jimek zutoinera bidali zuen baloia eta, ondoren, gol-lerroan bertan Paredesek Arturoren gola saihesteko baloia atera zuen. Hala ere, lehoikumeak indarberritu egin ziren eta baloia kontrolatuz aurkariaren areara hurbiltzen hasi ziren. Malcom eta Goti izan ziren Bilbao Athleticeko jokalaririk arriskutsuenak. Aurrelari gazteak talde zuri-gorriaren lehen abagunea izan zuen, banakako jokaldi bikaina egin zuen, baina bere jaurtiketa kanpora atera zen desbideratuta. Goti birritan saiatu zen, baina bietan atezaina azkar ibili zen eta baloia gelditu zuen. Lehenengo zatia hasi zen bezala amaitu zen.

Gotiren erasoaldien bidez, lehoikumeek aukera arriskutsuak sortu zituzten bigarren zatiko hasierako minutuetan, baina etxeko taldearen aurrelaria, Arturo, arduratu zen balantza desorekatzeaz eta UD Sanse markagailuan aurretik jartzeaz. Jimeren erdiraketa neurtua buruz errematatu zuen eta Iruk ezer gutxi egin ahal izan zuen gola saihesteko. Golak hegalak eman zizkion talde madrildarrari eta Llorenteren beste burukada batekin markagailua handitzetik gertu izan zen. Zuri-gorriak saiatu ziren, baina etxekoen defentsa gogorrak edozein saiakera geldiarazi zuen. Luzapenean, korner jaurtiketa batek Baroren buruarekin konektatu zuen eta arratsaldeko bigarrena egin zuen. Horrela, denboraldiko azken hiru puntuak Matapiñoneran geratu ziren.