Bi hitzordu zorrotz jarraian Madrilen

Bi hitzordu zorrotz jarraian Madrilen

Athletic Clubek Granada CF taldearen aurka jokatuko du gaur Las Rozasen eta bihar Madrid CFF-en aurka Fuenlabradan

Lehen taldeak mini stage bat egingo du Madrilen gaur eta bihar lagunarteko bi partida jokatuta. Denboraldiaurreko lehen lau partidak irabazi ostean, lehoien udako egutegiko bosgarren eta seigarren neurketak izango dira hauek. Gainera, Iraia Iturregik zuzentzen duen taldeak ez du golik jaso. Hori bai, bi erronka gogor datoz orain.

Lehenengoa gaur arratsaldean izango da, Granada CF taldearen aurka, Las Rozaseko Futbol Hirian, RFEF-en egoitzan. Lehia ateak itxita izango da eta lehoiek aurreko denboraldian azkenean Murtziako Alhamak lortutako igoerarako hautagai nagusietako bat izan zen talde bat izango dute aurrean. Andaluziarrak hirugarren geratu ziren, eta nota altuarekin eutsi zioten mailari 1. RFEF berrian. Bertan, 16 taldeko multzo bakarra dagoenez, 2022/2023 denboraldian elkar ikusiko dute, igotzea lortu zuen filial zuri-gorriarekin. Bilbotarren eta granadarren arteko partida 19:30ean hasiko da.

24 ordu eskas geroago, ostiralean eta Fuenlabradako Fernando Torres estadioan, Athletic Clubek Madrid CFF izango du aurkari bisitari gisa. Maria Pryren taldea izango da zuri-gorriek uda honetan elkarren aurka jokatuko duten liga bereko lehen aurkaria (hurrengoa Reala izango da, abuztuaren 28an). Egia da Madrileko taldeak aurreko txapelketako golegilerik onena galdu duela, Geyse Ferreira, 20 gol sartu zituena eta erasoan segurua zena. Bere hutsunea Zambiako selekzioarekin aritzen den Kundananjirekin arintzen saiatuko da. Jokalari hauek ere fitxatu ditu: Karen Araya, Ruth, Aida Esteve, Memo, Ana González eta Marina Rivas. Zalantzarik gabe, Iturregiren nesken arerio serio bati buruz ari gara. Norgehiagokarako sarrera librea izango da eta 20:00etan hasiko da Fernando Torres estadioan.

Lezamatik urrun, Loiuko entrenatzaileak jokatzeko moduan dauden futbolari guztiak eramango ditu; guztira, 20: Mariasun Quiñones, Amaia Peña, Garazi Murua, Oihane Valdezate, Marta Unzué, Leyre Monente, Oihane Hernández, Eunate Arraiza, Ane Azkona, Nerea Nevado, Itxaso Uriarte, Mariana Cerro, Paula Arana, Bibiane Schulze, Ainize Barea, Sara Ortega, Jone Amezaga, Amaia Martínez, Alejandra Estefanía eta Claudia Fernández.