Jai osatugabea San Mameseko emakumezkoen derbian

Jai osatugabea San Mameseko emakumezkoen derbian

Zale zuri-gorriek harmailetan babes handia eskainitako derbian, Jone Amezagaren gol ikusgarriak ezin izan du Realaren aurkako porrota ekidin (1-3)

Emakumezkoen futbolak eta euskarak gau handia bizi izan dute San Mamesen. 23.000 ikusle inguruk hotzari eta euriari aurre egin diote Realaren aurkako derbian Athletici babesa emateko, eta Iraia Iturregiren taldeak 1-3ko emaitzarekin galdu du. Partida zaila izan den arren, athleticzale gazteenek une oro eskaini izan diote babesa soropilean hustu den taldeari. 

Athletic, jokalari gazte mordoarekin, azkenera arte borrokatu du, baina ez du Reala gainditzea lortu, Amaiur Sarriegi eta Gaby (birritan) golegileen bultzadan oinarritu baita.

Jone Amezagaren hasierako txinpartaren ondoren, Amaiaur izan zen 0-1ekoa egin zuena Nerea Eizagirreren jaurtiketa jasota. 6. minutua zen, baina etxekoak berehala suspertu ziren, eta Nerea Nevadoren korner batek langan amaitu zuen, lehen zutoinean Valdezatek buruz errematatu ondoren.

17. minutuan iritsi zen derbiko ekintzarik onena. Oihane Hernandezek abiaduran sakonean jaurti zuen Jone Amezaga, eta gazteak, San Mameseko estreinaldian, gol bikaina sartu zuen eskuinarekin, ziztu bizian atzelariak gainditu ostean.

Ondoren, Quiñonesek Amaiurren jaurtiketa bat itxi zuen, Gabik 1-2koa egin baino lehen, 38. minutuan. Bigarren zatian, zuri-gorriei aldapa gora jarri zitzaien partida, 48. minutuan venezuelarrak buruz bigarren gola egin ondoren. Hala ere, Athleticek ez zuen amore eman eta aldeak murrizteko aukerak izan zituen Pekeren ezkerkada baten eta Sara Ortegak Azkonari egindako erdiraketa baten ostean. Naroa Uriartek ere, hamaika hilabete min hartuta izan ondoren, jokatzera itzuli eta bigarrena egiteko abagunea izan zuen. Athleticek ez zuen amore eman eta harmailek onartu egin zuten, gizonezkoek bezala agurtu baitzituzten lehoiak. San Mames aldi baterako itxiko da abenduaren 11ra arte, Chivas talde mexikarrak bisita egingo duen egunean.