Kundananji erabakigarri Lezaman (0-2)

Kundananji erabakigarri Lezaman (0-2)

Lehoiek etxean galdu zuten Zambiako erasoko jokalariak kontraerasoan bi gol egin ostean

Athletic Clubek porrota jaso zuen Madrid CFF taldearen aurka Liga F-ko 11. jardunaldian. Partida, batez ere lehen zatian, abagunez josita egon zen, ikuslearentzat zirraragarria. Bigarren zatian, Racheal Kundananjik bi kontraeraso bikain definitu eta lehoiak zigortu zituen. Maite Zubietak debuta egin zuen lehen taldearekin neurketaren azken txanpan.

Iturregik atarikoan iragarri zuen bezala, norgehiagoka joan-etorrikoa izango zen. Lehen zatian abagune ugari izan zituzten bi taldeek eta zelaiak, azkar eta egoera ezin hobean, erritmo bizia izateko eragin zuen. Lehen abisua Pinedok egin zuen, Paola  gainditu nahi izan zuen urrutitik eginiko jaurtiketa batekin. Aldiz, zalalntzarik gabe, Mariasun Quiñones izan zen lehen 45 minutuetako jokalaririk nabarmenena. Madrid CFF-ren edozein saiakera saihestu zuen merituzko hainbat geldiketekin.

Kundananjik atzealde zuri-gorriaren bizkarra bilatu zuen une oro, eta atezain  hondarribitarra hainbatetan lanean jarri zuen, lehen aldiz 22. minutuan. Lehenago, Valdezatek zutoinera bidali zuen  Nevadok ondo jaurtitako kornerra  27. minutuan. 36. minutuan, berriz ere Quiñonesek 0-1ekoa saihestu zuen Kundananjiri berriro aurrea hartuz. Amezagak, ezkerraldean kokatuta, gola egiteko aukera ugari izan zituen lehen 45 minutuetan.

Atsedenaldiaren ostean, erritmo biziarekin jarraitu zuen lehiak. 56. minutuan, Kundananjik berak bakarrik dakien bezala amaiera eman zion kontraerasoari. Sekulako korrikaldia egin zuen, jokalari zuri-gorri guztiak atzean utzi zituen eta Quiñones gainditu zuen. Erantzuna  Marianak eman zion urruneko jaurtiketa batekin, baina saiakera gora joan zen gutxigatik. Kolpea Kundananjiren bigarren golarekin iritsi zen, aurrerago erdietsitakoaren gisakoa. Zambiako internazionala azkarrena izan zen berriro eta 0-2koa jarri zuen 65. minutuan.

Nevadok ezkerrez aldea murriztu nahi izan zuen, baina Paolak gol zuri-gorria eragotzi zuen. Valdezatek ere beste aukera argia izan zuen, baina Iturreginerenek ez zuten egun ona izan atearen aurrean. Partidaren amaieran, Elexpuruk aukera berri bat izan zuen, baina Paolak talde madrildarraren atea hutsean uztea lortu zuen. Lezamara bertaratu zirenek Athletic Cluben harrobiko beste jokalari baten debut berria ikusteko aukera izan zuten. Neurketaren azken minutuetan Maite Zubietak, Busturiako erdilariak, lehen aldiz jantzi zuen Athletic Cluben lehen taldearen kamiseta.