Ibaigane | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala

Ibaigane

Ibaigane jauregia

Athletic Clubaren bulegoak eta sozietate-egoitza Ibaigane Jauregian daude, Bilbo erdi-erdian kokatuta dagoen XX. mendearen hastapeneko eraikin bikaina, Guggenheim Museotik metro gutxira.

Ramon de la Sota ontzijabe eta industrialaria izan zen Ibaigane Jauregiaren sustatzailea, bere garaian enpresari dinamiko eta ekintzaile grinatsuenetakoa. Obra, berriz, Gregorio Ibarreche arkitektoak gauzatu zuen, eta bere obra gailena izan zen. Estilo neo-euskalduneko eraikin gakoa, oso berezi ikusten da XX. mendearen hastapeneko “revival” direlakoetan; zehazki, Athletic Clubaren egoitzak, hein batean, Bizkaiko erdi aroko dorretxe zaharra dakar gogora, Sota familiaren jauregitxo eta egoitza modura eraberritua. Ramonen ideologia nazionalista euskalduna zela medio, garaiko EAJ alderdiko kide izan baitzen eta euskal kulturaren sustatzaile eta mezenas, diktadura frankistak haren ondareak konfiskatzeko agindua eman zuen. Ondare horien artean zen Ibaigane. Hala, militarren kuartel izatera pasa zen, Franko hil ostean, legezko jabeen eskuetara itzuli zen arte. Athletic Clubek akordioa lortu zuen Sota familiarekin eraikina erosi eta zaharberritzeko eta 1988ko abuztuan inauguratu zuten Athletic Clubaren egoitza modura.

Eraikinak oinplano ia karratuko bloke kubiko bat du, 24 metro bider 22, hiru solairuko altueraz, oso ongi bereiziak haren fatxada sinple bezain interesgarriaren testuran, lau isurkiko estalki batek koroatuta.

Fatxada klasizista izan arren, jauregi honen barnealdeko eskeletoa metalikoa da, hau da, bere garairako modernoa. Kanpoko murruak alde batera utzita, eraikina forjazko habetxo batzuen gainean altxatzen da, zurez forratuak, zeinaren gainean igeltserotzako gangatilak paratzen baitira. Burdinazko zutabe horiek, azkoin bidezko errematxeekin –ez dago soldadurarik-, Bizkaiko Labe Garaietan daude eraikiak, Bizkaiko industrializazioan faktoria gakoa.

Halaber, interesgarria da barnealdearen egitura eta konfigurazioa. Etxebizitzaren hiru mailak barnealdeko atari batera irekita daude, Anselmo de Guineak egindako beirategi handi batek koroatuta, bere garaian herrialdeko artista nabarmenetakoa.

Zazpi metro bider sei metro (alboz) dituen erdiko atari honen inguruan zabaltzen dira egonleku eta gela ezberdinak italiar erako janbekin, zur nobleekin, Ereñoko marmol gorriarekin, zoru veneziarrekin, modura eta kasetoiekin edota tximiniekin dekoratuta. Berezko organoz hornitutako kapera batek osatzen du XX. mendearen hastapeneko Bilboko egoitza enblematiko honetako apaingarri eta zerbitzuen erakustaldia. Gaur egun, gela guztiak gaitutako bulegoak dira kontabilitatea, komunikazio-kabinetea, dokumentazio-zentroa, marketina, zuzendaritza edota bilkura-aretoak hartzeko.

Ibaiganen lekutzen da Athletic Clubaren administrazioa. Gainera, bertan elkartzen da Zuzendaritza-batzordea.