One Club Man, jatorri-printzipioa | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala

One Club Man, jatorri-printzipioa

Kluben lurraldearekiko lotura izan zen futbol taldeen ezaugarri nagusia 1995ean Bosman legea iritsi zen arte eta, ziur aski, futbolak, masa-kirola den aldetik, zuen faktore bereizgarria ere bazen. Klubek arteko lehia hirien arteko lehiatik sortu zen, eta zaleak modu emozionalean proiektatzen zuten beren burua futbol taldeetan, beren eskualdea ordezkatzen zuten selekzioak baitziren.

XX. mende ia osoan, jatorri-printzipioak zehazten zituen jarraitzaileen zein kluben nortasuna (nik nire lurraldeko taldea animatzen dut, jokalariek ordezkatu egiten nautelako, eta nire jatorri bera dutelako: “gure jokalariak” dira).  Ikuskizunak inola ere ez zuen ezbaian jartzen jatorri-printzipioaren nagusitasuna. Beste talde batzuek hobeto jokatzeak ez zuen eraginik norberarenarekiko maitasunean; are, ezta beste taldeen joko hobea miresteak ere.

Aurreko mende amaieran, zaleen profila dibertsifikatu zuten atxikipen-printzipio berriek. Industriaren eta ikuskizunaren botereak baztertu egin du jatorri-printzipioa; hala, asko dira irabazlearen alboan kokatzea aukeratzen duten zale berriak. Eta irabazleak gutxi dira, eta Europako bost ligatan bakarrik jokatzen dute. Superklub horiek elkarren antz gero eta handiagoa izateak eta klub horietan lurraldetasun-printzipioa –eratu zireneko printzipioa– ia desagertu izanak ere ez ditu gogogabetzen jarraitzaileak. Tituluak lortzeko irrikak edozein grina elikatzen du, eta tituluok lortzea da helburu bakarra eta nagusia. Horixe da guztia, besterik gabe. Irabaztea, irabaztea eta irabaztea. Denboraldiz denboraldi errepikatzen da itzulerarik gabeko espirala: aurrekontua handitzea munduko futbol-jokalaririk onenak fitxatzeko, eta tituluak lortzen saiatzea. Diru gehiago, botere handiagoa, aukera gehiago. Lurraldetasun-printzipioa zerbait sinbolikoa besterik ez da dagoeneko, beste garai batekoa-edo. Beste futbol baten arrastoa. Talde bakoitzeko azkeneko One Club Man direlakoak pieza baliotsu gisa babesten eta erakusten dituzte sustraitze museoan. Baina erreleboak ez du kezkarik sortzen, lortutako tituluak berriro lortzeak baizik. Ez dirudi oinordekorik dutenik Gerrardek Liverpoolen, Tottik Erroman, Raulek Madrilen, Giggsek United taldean, ezta Busquetsek, Buffonek eta Mullerrek ere. Eta non geratu dira PSG, City eta Chelseako azkeneko One Club Man direlakoak? Irabazle izatearen printzipioak kendu dio lekua lurraldetasun-printzipioari, aberastasun-printzipioak, azken batean. Eta horixe da kirolaren gaiztotasuna: aberatsek bakarrik irabaz dezakete. Ez zaio mugarik jartzen aberastasunari, ezta aberastasunak joko-zelaian duen islari ere.

Gure garaiko egoera horren aurrean, zerbait deigarririk baldin badago, Athletic Club da, lehiatzeko duen moduagatik.  Futbolaren hastapenetan dagoen jatorri-printzipioa aberastasun-printzipioaren gainetik jartzen duen goi-mailako klub bakarra baita. Ez dio axola zenbat duzun, Athletic Club zara, Bilbo hiriko euskal taldea, eta jokalari-taldea zure nortasunaren isla argia izango da. Kirol-filosofia bakana da, miresmena eta errespetua sortarazten dituena, oso berezia delako. Futbolaren munduak ikuskizunaren industriak ezartzen duen norabidean aurrera egiten duen bitartean, Athletic Clubek bere ibilbideari jarraitzen dio kontrako noranzkoan, ordezkatzen duen lurraldean jaiotako edo prestatutako jokalariak bakarrik erabiliz.

One Club Man sariak (One Club Woman, irabazlea emakumea baldin bada) jatorri-printzipio horren garrantzia ere aldarrikatzen du.