One Club Man, loria eta ospea aurrez aurre | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala

One Club Man, loria eta ospea aurrez aurre

Duela gutxira arte pentsaezina zen Europako futbol taldeak frankizia yankien pare aritzera iritsiko zirenik. Saskibaloiko NBAko taldeek, futbol amerikarreko NFLkoek edo beisboleko MLBkoek hiria ere aldatu izan dute ikuskizunen industriaren interes ekonomiko eta komertzialen ondorioz. Ez dirudi futbolak oso urruti duenik antzeko etorkizuna. Klubik gehienek merkatu globalean aurkitzen dituzte jokalariak eta dagoeneko ohiko bihurtu zaigu taldeko jokalari bakar bat ere ez izatea taldeak ordezkatzen duen lurraldekoa bertakoa. Horrekin batera, tokiko zaletuek eta futbol-zelaian abonamendua duten ikusleek geroz eta eragin txikiagoa dute ikuslego globalaren intzidentziaren aldean, azken horren ehunekoak zehazten baitu telebista-ikusleriarengatik klubak jasoko duen zenbatekoa. Orain kontua hauxe da: ea merkataritza-dinamika horrek zer punturaino dakarren estatuz gaindiko lehiaketa bat sortzea, gaur egungo Champions Leaguearen oinordekotzat. Munduko lehiaketa hori batean Txinan, hurrengo urtean Japonian eta hurrengoan Arabiar Emirerrietan izateko aukera ez da burugabekeria. Manchester Cityk, PSGk, Bayern Münchenek edota (zergatik ez?) Real Madridek eta Bartzelonak euren hirietan dituzten berrogeita hamar mila, hirurogeita hamar mila edo laurogeita hamar mila bazkideek telebista bidez ikusi beharko lituzkete partidak, negozioaren ikuspegitik bazkideen kopuru hori hutsala baita ikuskizunaren frankizien txapelketa horretatik etor litezkeen milioien aldean.

Eta futbolariak? Zer axola dio Brasilen hazi den jokalariari Bartzelonan ala Parisen jokatzea, Portugalen hazitako jokalari portugaldarrari Manchesterren edo Madriden jokatzea, edota Txilen hazitako jokalari txiletarrari Munichen edo Torinon arrakasta izatea, futbolaria profesional bat baino ez bada eta leku horietako bakoitzean kontratua hobetu eta jainkoa balitz bezala hartu eta txalotuko badute? Arrakastaren, garaipenaren botereak zehaztuko du ospearen boterea, arrakasta eta boterea nola eta zein taldetan lortu den axola izan gabe.

Ildo horretan, One Club Player Awardek loria saritzen du, ospea baino gehiago. Bata ala bestea antzerakoak badira ere eta futbol munduan sinonimotzat erabiltzen badira ere, historikoki ez dira berdinak. Loria ezin da edonola eskuratu, eta bidaian elikatzen da helmugan baino gehiago. Loria balio ukiezinei lotuta egoten da, sari ukigarriei baino gehiago, nahiz eta halakorik ere egon. Gerta daiteke titulu edo sarien zerrenda luzerik gabe ere eskuratzea loria; ez, ordea, meritu handirik gabe. Loriaren kontzeptuaren inguruko aforismorik ezagunena Zizeronen eskutik datorkigu: «Zenbat eta zailagoa, orduan eta loria handiagoa». Klubaren ospea edo maila edozein izan arren eta beste edozein klubekin fitxatzeko aukera eduki arren, jokalari batek beti talde berean irautea aukeratzen badu, horrek badakartza ibilbide loriatsu bati loturiko balio ukiezinak: leialtasuna, lehenengo eta behin, esperantza gaztearen apustua egin eta eliteko futbolari bihurtu duen klubarekiko aitortza moduko zerbait adierazten baitu. Athletic Clubi dagokionez, eta beraren filosofia dela eta, leialtasunaren balioa ez du bere interes propiotzat bakarrik estimatzen, eta bai futbolaren interestzat ere, taldearekiko leialtasun horrek erabakiak hartzean faktore ekonomikoez harago dauden faktoreak ere aintzat hartzea eskatzen du eta.

One Club Man lehen saria eskuratu zuen Mathew Le Tissier jokalariak esaldi bakar batean laburtu zuen, argi eta zorrotz, horren errespetagarria den erabaki profesionalaren zergatia: «It’s much more of a challenge for me to beat the top teams than play with them. I dedicated myself to that». («Niretzat, erronka handiagoa da talde nagusiei irabaztea, talde nagusietan jardutea baino. Horrexetan aritzen naiz»).

Badirudi industriaren eta ikuskizunaren interesek (ez ordea futbolarenak, kiroltzat hartuta) bi irizpide bakarrik hartzen dituztela aintzat futbol-ibilbide profesionala bideratzean: dirua eta tituluak. Idatzi gabeko (baina nolabait egiazkotzat hartzen den) lege baten arabera, futbolariak zenbat eta gehiago irabazi eta zenbat eta titulu gehiago lortu, are hobea izango da beraren ibilbide profesionala. Mathew Le Tissierren esaldiak, baina, lege hori goitik behera desitxuratzen du, diruaz eta tituluaz harago dauden funtsezko faktoreei erreparatzen baitie. Zehazki «erronka bat baino askoz ere gehiago» (much more of a challenge) esaldi horren bidez,  hainbeste mendetan artearen, zientziaren, ikerketaren, historiaren, abenturen eta bidaien zaletu askoren eta askoren inspirazio izan den loriaren bilaketa dakarkigu gogora. Izan ere, eta begi bistakoa den bezala, askoz ere zailagoa da (eta, beraz, askoz ere meritu handiagokoa), Southamptonekin titulua eskuratzea, Manchester Unitedekin eskuratzea baino. Everestera udan, oxigenoarekin eta ibilbide ezagun batetik igotzea baino meritu handiagoa da neguan, oxigenorik gabe eta ibilbide berri batetik igotzea.

Enpresa baten merituari haren arrakastari bezainbesteko garrantzia ematea da kirolaren beraren funtsa, haren espiritua.

Athletic Clubentzat funtsezkoa da futbolari profesionalek beste faktore batzuk ere hartzea kontuan, tituluez eta diruaz aparte (ez tituluen eta diruaren ordez, hori ere ez baita errealista). Matt Le Tissierren adibideak, haren aitortzak, iraganeko gure One Club Manen erabakia ez ezik, etorkizunean etor litezkeenena ere ulertzen lagunduko digu.