San Mames Estadioa: Katedrala | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala

Katedrala

Parerik gabeko kluba, estadio ezberdina

San Mames zaharra ezinbesteko erreferentzia zen futbolaren munduan, eta nazioartean zelai mitiko bihurtu zen, azkenean historiara igaro zen ezizena eman ziona: Katedrala. 1913. urtean inauguratu zen,  eta 100 urte geroago, leku berean eraiki zen egungo estadioa. Zelai berriak San Mamesen antzinako tradizioak, giroa, errespetua eta grina transmititzeko erronka hartu zuen, eta, aldi berean, estadio moderno, irisgarri, eroso, merkaturagarri eta garai berrietara egokitua bihurtu zen.

53.331 ikuslerentzako gaitasunarekin, neurri zorrotzenen arabera diseinatu zen, UEFAren Elite kategoriatik eratorritakoak. 2015ean World Architecture Festival jaialdian eta Venue of the Year 2017 World Football Summiten munduko kirol eraikinik onena izan zen. 2018an, katedralak Challenge Cup eta Champions Cup txapelketen finalak hartu zituen, Europako taldekako errugbi txapelketa garrantzitsuenak. UEFAk San Mames aukeratu zuen 2020ko Eurokopa jokatzeko 12 estadioen artean.

San Mames berria ikono bihurtu da dagoeneko hiriko paisaian, eta betiko giroa sortzeko gai izan da, harmailen diseinuak zaleak jokalekura ahalik eta gehien hurbiltzeko aukera ematen baitu. Estadioan, gainera:

Estadioaren historia
Zelaietatik San Mamesera
1898 - 1913

XX. mendearen hasieran, Athleticek ez zuen futbolera egokitutako eremuetan jokatzen, zelaietan baizik. Lamiako (Leioa) izan zen lehen zelaia eta Jolasetak (Getxo) jarraitu zion. Baina Athleticen ilusiorik handiena zelai propioa eraikitzea zen eta, ahal izanez gero, Bilbon, Lamiako eta Jolasetako zelaiak hiribildutik oso urrun baitzeuden. Ilusioa errealitate bihurtzen hasi zen San Mameseko asiloaren ondoko orube bat alokatu ondoren.

athletic-1902-lamiaco
athletic-1902-lamiaco
Lamiako eta Jolaseta, lehen zelaiak

Lamiakoko zelaian jokatu zuen Athleticek lehen aldiz. Sarri lehiatu zen bertan, beste klub batzuekin partekatuz 1901etik 1911 arte. Lamiako futbol-zelaia izan zen Athleticen nazioarteko partida bat ikusi zuen lehena, baita Madril (1904) eta Bartzelona (1906) bezalako aurkari klasikoen aurkakoak ere.

1911n, gure klubak antolatzen zuen Kopako txapelketaren ondorioz, Athletic Jolaseta zelaira joan zen jokatzera, eta hori mugarri eta aurrerapauso handia izan zen Bizkaiko futbolean. Lehen aldiz, jokaleku batek zaleentzako estalitako tribuna bat izan zuen.

athletic-primera-piedra
athletic-primera-piedra
San Mames jaio zen: Batzar orokorra eta lehen harria

Hainbat urtez gestioak egin ondoren, 1912an, Alejandro de la Sota buru zuen zuzendaritzak Kale Nagusiaren luzapenean kokatutako orube bat aurkitu zuen, San Mameseko asiloaren ondoan. Zelaia eraikitzeko 50.000 pezeta inguru behar zirela kalkulatu zen (300,51 €) eta Athleticek ez zuen momentu hartan diru kopuru hori. Proiektua klubeko zaleei azaldu zitzaien eta beharrezko dirua lortu zen.

1912ko abenduaren 10ean, ezohiko batzar orokor batean bildu ziren bazkideek aho batez onartu zuten zelai berria eraikitzea, eta horietako askok 40.770 pezetako (245,6 €) funtsak eman zituzten; lanak oso azkar hasi ziren, 1913ko urtarrilaren 20an, Manuel María Smith arkitektoaren proiektuaren aginduetara.

athletic-1913-vista-general-san-mames
athletic-1913-vista-general-san-mames
San Mamesen deskribapena 1913an, Manuel Smithen lana.

Zelaiak zazpi mila ikusle baino gehiagorentzako tokia zuen, horietatik hiru mila, egurrezko tribuna batean eserita, non, publiko eta jokalarientzako zerbitzuak jartzen ziren. Alde bakoitzean, terrazak zeuden, horietako bat, anbigu eta tabernarekin. Belarra, hesi fin batez inguratua, alfonbra berde erraldoi baten antzekoa zen, eta masta handi batean Athletic Cluben bandera zegoen.

1913ko abuztuaren 21ean, ostegunean, 15:30ean, San Mamesek ateak ireki zituen lehen aldiz, eta partida hasi eta bost minutura, lehen aldiz bete ziren. 17:20ean, Seve Zuazok martxan jarri zuen baloia eta handik bost minutura, Pitxitxik lehen gola sartu zuen Katedralean.

Estadioaren historia
San Mames, Katedrala
1913-2013

Pedro Novia Salcedoren oinordekoei hamar urterako alokatutako zelaiak mende bat bete zuen. Hasiera batean 7.000 ikusle hartzen zituen zelaiak handitze eta eraberritze lanak jasan zituen, nagusiena, 1952koa, arkua ekarri zuena, eta azkena, 82ko Munduko Txapelketaren harira egindakoa, non 45.000 ikusleko edukiera lortu zuen San Mamesek. 2013an, 100 urte bete eta 3.695 partida hartu ondoren, San Mamesek, Katedralak, lekukoa eman zion San Mames berriari.

athletic-1953-vista-tribuna-ppal
athletic-1953-vista-tribuna-ppal
San Mamesen eta arkuaren erostea

1946ko abenduaren 31n, Jose Maria Larrea presidenteak San Mames zelaiko lurren erosketa-eskritura sinatu zuen. 1951n estadioaren eraldaketarako lehiaketa argitaratu zen eta Domínguez Salazar, Magdalena Gayán, De Miguel González arkitektoek eta Fernández Casado ingeniariak irabazi zuten, Klubaren eta Bilbo industrialaren ikonoa den arkuaren egileak.

1953an inauguratu zen arkua, Tribuna Nagusi berriaren osagarri nagusi bezala, eta bere inpaktu bisuala izugarria izan zen, jokalekutik 40 metro igo baitzen, 56 arkua bera zenbatuz, bere inguruko eraikinak baino askoz gehiago. Gaur egun, Lezamako instalazioetan dago kokatuta.

athletic-1982-san-mames
athletic-1982-san-mames
82ko Munduko Txapelketa

San Mamesen azken eraberritze handia 82ko Munduko Txapelketaren harira egin zen, Bilbo izan baitzen haren egoitzetako bat. Eremu osoari batera eragin zion lehen erreforma izan zen, eta eraikuntza-batasunaren sentsazioa eman zion. Luis Pueyo, Javier Salazar eta Imanol Abando arkitektoen proiektua goleko bi tribunak eta tribuna nagusiaren arkua eusten zuten palko dorreak eraistea zen, eta izkinetako bihurguneetan luzapena eraikitzea, etenik gabeko espazio bat eratzeko. Kanpoaldean, metalezko txapa zuriz estlari ziren fatxada guztiak, tribuna nagusia izan ezik, eta, lehen aldiz, batasun sentsazioa eman zen zelaian.

athletic-despedida-480x319
athletic-despedida-480x319
Agurra

2012-13 denboraldia San Mames zaharraren azkena izan zen. Kirol mailan gertaera nabarmenik gertatu ez bazen ere, emozio mailan, eremu aldaketak giro ahaztezina sortu zuen. Kanpaina osoan zehar, talde bisitariek zelai zaharraren oroigarri bat jaso zuten, zaleek estadioari geratzen zitzaizkion partidak kontatzen zituzten bitartean.

2013ko maiatzaren 26an jokatu zen Athleticen azken partida ofiziala, ligan 0 eta 1 galdu zuen Levante UD taldearen aurka, eta 2013ko ekainaren 5ean jokatu zen Katedraleko azken partida. Herriko futbolaren omenaldia izan zen, Bizkaiko jokalariz osatutako selekzio baten aurkako agurra, familia artean. Bizkaiak 0 eta 1 irabazi zuen partida hura.

Estadioaren historia
San Mames berria
2013 - Gaur egun

Zelai berria orube beraren gainean eraiki zen ia, eta ezinbesteko erreferentzia izaten jarraitzen du ospe handiko futbol-zelaien artean, oinordetzan jasotako ezizenaren parean: Katedrala. Bere arkitektura moderno, berritzaile eta ikusgarriak eta bere kokapen klasikoak, bere 53.000 ikusleek benetako futbol giroa arnastea ahalbidetzen dute. Betiko esentzia garai berriekin harmoniatsu egokitu da San Mamesen.

sanmames1
sanmames1
Mundu mailako ikonoa

2015ean World Architecture Festival jaialdian eta Venue of the Year 2017 World Football Summiten munduko kirol eraikinik onena bezala saritua, San Mames berria ikono bihurtu da hiriko paisaian, “Betiko” giroaren barruan giro berri bat sortu duelako, zaleak berdegunera hurbilduta.

Merkaturatzearen alorrean, “Athletic Cluben joko-arauak” errespetatuz bilatzen dira diru-sarrerak; hau da, tradizioak, bazkideen sentimenduak eta lurraldeko balioak errespetatuz.

sanmamesrugby
sanmamesrugby
Ekitaldi handiak

Diseinu, erosotasun, segurtasun, sarbide eta zerbitzu baldintzak direla eta, UEFAk Elite mailarekin kalifikatu du San Mames, estadioa ekitaldi handiak hartzeko gaitzen duen sailkapen nagusiarekin.

Horregatik guztiagatik, UEFAk San Mames aukeratu zuen 2020ko Eurokopako egoitzetako bat izateko. Gainera, 2018ko maiatzean Challenge Cup eta Champions Cup errugbiko finalak jokatu ziren Katedralean, kontinenteko errugbi txapelketa garrantzitsuenak.

sanmames2
sanmames2
Argiztatzea

San Mameseko fatxadaren argiztapena bere ezaugarri nagusineteako bat da, Led argiztapen sistema dinamiko batekin, fatxada osatzen duten ETFEko panel zurien ordez beste edozein kolore edo argi konbinazio jartzea ahalbidetzen duena.

San Mames izan da Europan eraikuntza iraunkorreko LEED ziurtagiria (Leadership in Energy and Environmental Design) lortu duen lehen futbol zelaia, arlo honetan nazioarte mailan garrantzitsuena.

Zelaira sartzeko baldintzak

Segurtasun-arauak
Zelaira sartzea eragozten duten arrazoiei buruzko informazioa nahi izanez gero, egin klik hemen.

Sarrerei buruzko informazioa eta zelaira nola iritsi
Sarrerei, zelaira iristeko moduari eta aparkalekuei buruzko informazioa nahi izanez gero, egin klik hemen.