Zelaiaren historia

1898 - 1913
Lehenengo zelaietatik San Mamesera

XX. mendearen hastapenetan Athleticek ez zuen zelaietan jokatzen landetan baizik. Lehen zelaia Lamiakokoa (Leioa) izan zen, eta haren ostean etorri zen Jolaseta izenekoa, Getxon. Baina Athleticen ilusiorik handiena bere zelaia eraikitzea zen eta, ahal zela, Bilbon; izan ere, Lamiako eta Jolaseta zelaiak hiritik oso urrun zeuden. Ilusioa errealitate bilakatzen hasi zen San Mameseko egoitzaren alboko orubea alokatu ondoren.

athletic-1902-lamiaco
athletic-1902-lamiaco
Lamiako eta Jolaseta, lehen zelaiak

Esan daiteke Athleticek izan zuen lehen zelaia Lamiakon izan zela. Maiz lehiatu zen lur-eremu horretan, hura beste klub batzuekin partekatuz, 1901-1911 bitartean. Lamiakoko zelaian ikusi zen lehen aldiz Athleticen nazioarteko partida bat, lehen ordainpeko partida. Era berean, etorkizunean arerio klasiko izan ziren Madril eta Bartzelonak ere han jokatu zuten 1904. eta 1906. urteetan hurrenez hurren.

1911n gure klubak Kopa txapelketa antolatu zuela eta, Athletic Jolasetara aldatu zen. Jolasetako zelaia mugarri izan zen eta aurrerapauso handia Bizkaiko futbolarentzat. Lehen aldiz joko-zelai batek estalitako tribuna bat zuen zaleentzat. Tribuna gorena (tribunaren aurretik banku jarraituko bi ilara) eta orokorra (joko-zelaiaren gainerako eremua zutik zeuden ikusleentzat zen) hartzen zituen.

athletic-primera-piedra
athletic-primera-piedra
San Mames sortu zenekoa: Biltzar Nagusia eta lehen harria

Hainbat urtez kudeaketak egin ondotik, 1912an, Alejandro de la Sota presidente zela, Zuzendaritzak Kale Nagusiaren luzapenean kokatutako orube bat aurkitu zuen, San Mameseko babes-etxearen alboan. Zelaia eraikitzeko 50.000 pezeta (300,51 €) beharko zirela kalkulatu zen eta Athleticek ez zuen dirutza hori. Proiektua kluba maite zuten jende ospetsuen aurrean aurkeztu ondoren, behar zen laguntza ekonomikoa erdietsi zen. 1912ko abenduaren 10ean Ezohiko Biltzar Nagusian bildutako bazkideek zelai berriaren eraikuntza adostu zuten aho batez. Eta ez hori bakarrik, bazkide askok, izen-emate herrikoi baten bidez, funtsak eman zituzten borondatez, 1.000 pezetatik hasi (6 €) eta zenbateko askoz ere apalagoetara. Guztira 40.770 pezeta (245,6 €) eskuratu zituzten. Horrela, 1913ko urtarrilaren 20an obrei ekin zitzaien berehala, Manuel Maria Smith arkitektoaren proiektuari jarraiki

athletic-1913-vista-general-san-mames
athletic-1913-vista-general-san-mames
San Mamesen deskribapena 1913an, Manuel Smithen obra

Zelaiak zazpi mila ikusle baino gehiago har zitzakeen. Horien artean, hiru mila modu erosoan eser zitezkeen tonu argiko zurezko tribuna bikain batean, non ikusleentzako eta jokalarientzako komunak zeuden. Andrazkoek aparteko instalazio bat zuten, tribunatik bertatik heltzen zelarik bertara. Horren bi aldeetan, lore mardulez zipriztindutako zelai-ezponden gainean terrazak hedatzen ziren, eta bertatik joko-zelaia osorik ikus zitekeen. Terraza horietako batean, aldi berean, edaritegia eta taberna lekutzen ziren. Zelaiak alfonbra berde itzel baten itxura zuen, hesi arin eta sinple batekin errematatua, jendetza ez zedin zelaira oldean sartu. Masta itzel batean Klubeko bandera ikus zitekeen kulunkan.

1913ko abuztuaren 21ean, ostegunez, arratsaldeko 15:30ean, jendaurrera ireki ziren lehen aldiz San Mameseko ateak, eta partida hasi eta bost minutura bete egin zen lehen aldiz. 17:20an, Seve Zuazok baloia mugitu zuen. Bost minutu eskasera Pichichik Katedraleko lehen gola sartu zuen.

Etorri gure museoa ezagutzera!

Publiko guztientzat, emotiboa eta informatiboa,
Athleticen historia du mintzagai bere objektu eta protagonisten bidez

athletic-museo-historia
athletic-museo-historia
1913-2013
San Mames, Katedrala

Zelaia Pedro Novia Salcedoren oinordekoei alokatu zitzaien, hasiera batean hamar urterako, eta mende bat betetzera iritsi zen azkenik. Hasieran 7.000 ikusle hartzen zituen zelaiak, baina etengabe handitu eta eraberritu zen. Aldaketa handiena 1952. urtekoa izan zen, orduan arkua gaineratu baitzitzaion. Azken aldaketa adierazgarria 82ko Munduko Txapelketarekin burutu zen, orduan lortu zuen zelaiak edukierarik handiena: 45.000 ikusle har zitzakeen. 2013an, 100 urte eta 3.695 partida geroago, San Mamesek, Katedralak, San Mames Barriari eman zion lekukoa.

athletic-1953-vista-tribuna-ppal
athletic-1953-vista-tribuna-ppal
San Mamesen erosketatik arkura

1946ko abenduaren 31n, eguerdiko 12:30ean, Jose Maria Larrea presidenteak San Mameseko zelaiko lur-eremuak erosteko eskritura sinatu zuen, hogei urtera, urtean % 4ko interes batekin, eta hasiera batean amortizaziorik gabe. Erosketaren ondotik, egiturazko eraldaketaren plangintza taxutu zen. Horretarako, 1951n lehiaketa bat argitaratu zen, Dominguez Salazar, Magdalena Gayan eta De Miguel Gonzalez arkitektoek eta Fernandez Casado ingeniariak irabazi zutena. Azken hori izan zen arkuaren egilea, Klubaren eta Bilbo industrialaren arkitekturaren ikonoarena. 1953an inauguratu zen Tribuna Nagusi berriaren funtsezko zati modura eta haren ikusizko inpaktua izugarria izan zen; izan ere, 40 metro altxatzen zen joko-zelaitik, 56 metro arkua bera kontuan hartuta. Inguruko eraikinak baino askoz ere garaiagoa zen.

Tirante erakoa, egiaz txarrantxa-sistema bidez loturiko 115 metroko luzerako bi arku handi dira, eta 16 San Andres gurutze oso eta 4 gurutze erdi dituzte, bi giltzarrian eta bat mutur banatan. Gaur egun, arkua Lezamako instalazioetan dago.

athletic-1982-san-mames
athletic-1982-san-mames
Munduko Txapelketa

San Mamesen azken eraberritze handia 82ko Munduko Txapelketarekin egin zen; izan ere, Bilbo izan zen txapelketa hartako egoitzetako bat. Zelai osoan eragina izan zuen lehen eraberritzea izan zen, eta hura amaitu zenean eraikuntza-batasun sentsazioa ematen zuen. Luis Pueyo, Javier Salazar eta Imanol Abando arkitektoen proiektua, azaletik esanda, gol tribunak eta Tribuna Nagusiko arkuaren sostengu ziren palkoetako dorreak eraistea zen, ondoren bazterreko bihurguneetan jarraikortasunez berreraikitzeko, etenik gabeko itxura bat emateko. Kanpoaldean kolore zuriko txapa metalikoz gaineztatu ziren fatxada guztiak, Tribuna nagusia izan ezik, lehen aldiz, batasun sentsazioa emanez.

Agurra

2012-13 denboraldia izan zen San Mames zaharraren azkenekoa. Kirol mailan gauza nabarmenik gertatu ez bazen ere, sentipenen aldetik, zelaia aldatzeak giro ahaztezina sortu zuen. Denboraldi osoan zehar talde bisitariek zelai zaharraren oroigarri bat jaso zuten, zalegoak estadioari geratzen zitzaizkion partidak kontatzen zituen bitartean.

2013ko maiatzaren 26an jokatu zuen Athletic taldeak azken partida ofiziala. Ligako partidan galdu egin zuen taldeak Levante UD taldearen aurka, 0-1, eta 2013ko ekainaren 5ean jokatu zen Katedraleko azken partida. Tokiko futbolari egindako omenaldia izan zen, familia giroan egindako agurra Bizkaiko jokalariz osatutako selekzio baten aurka, eta 0-1 irabazi zuen azken horrek.

2013 - Gaur egun
San Mames berriz ere

Zelai berria orube beraren gainean eraiki zen ia osorik, eta erreferentzia ukaezina da oraindik prestigio aitortuko futbol-zelaien artean, hartutako ezizenaren parekoa, Katedrala. Hala bere arkitektura moderno, berritzaile eta ikusgarriari nola bere kokapen klasikoari esker, zelaiko 53.000 ikusleek egiazko futbol giroa arnasten dute. Betiko esentzia modu harmoniatsuan garai berrietara egokituta.

Ikusi San Mames

Tour osoa San Mames

San Mames barruko ibilbide gidatua osagarri bikaina da Athleticen Museoa bisitatzen dutenentzat. Katedralaren handitasuna sentitu ahal izango duzu futbol zelaiko berdegunetik eta lehoien aldagela bisitatzeko aukera ere izango duzu.

athletic-museo-tour-san-mames
athletic-museo-tour-san-mames