Levante UD - Athletic Club
Jardunaldia 18
Liga F

Levante UD - Athletic Club

Levante UD
Levante UD
23
Athletic Club
Athletic Club
  • 2' Andonova
  • 63' Redondo
  • Lucía García 23'68'
  • V. Gimbert 45'

KokapenaCiudad Deportiva , Buñol

Zuri-gorrien maila handiko garaipena

Sartutako hiru golek eta talde osoak egindako lanak Buñolen irabazteko balio izan diote Athletici (2-3)

undefined

Athletic Clubek 2-3 irabazi zion Levante UDri 18. jardunaldiko partida oso lehiatu batean. Lezaman ere markagailu horrekin amaitu zen norgehiagoka. Lehoiek oso goiz jaso zuten lehen gola, baina berriro altxatzeko gai izan ziren eta Vanesa Gimberten eta Lucia Garciaren, birritan, golek, urrezko hiru puntu lortzea ahalbidetu zieten Buñolen. Talde zuri-gorriak lan handia egin zuen txapelketako arerio zailenetako baten zelaian.

Lehen zatiko ekimena eta jabetza Levanterentzat izan zen argi eta garbi. Partida hasi bezain laster, Andonovak Alba Redondoren erdiraketa bat aprobetxatu zuen, area barruan sendotasun falta egon zen jokaldi baten ondoren, buruz errematatu eta Quiñones gainditzeko. Bigarren minutuan gertatu zen hau. Angel Villacampak zuzendutako neskak ezker hegaletik ari ziren erasoan etengabe. Horregatik, Redondo eta Oihane Hernandez etorkizun handiko bi jokalariren arteko lehia ikusi ahal izan zen. Zuri-gorriek ia ez ziren etxekoen areara iristen. Lucia Garcia bi aldiz saiatu zen eta Azkonak berdinketa ezartzeko abagunea izan zuen 19 minutuan, baina aurkari batek presioa eginda, jaurtiketa kanpora joan zitzaion gutxigatik.

Levantek bere horretan jarraitzen zuen, arrisku handia sortuz eta zelai zuri-gorrian jendea pilatuz. Orduan, Lucia Garciak 1-1ekoa egin zuen 23. minutuan, area ertzetik sartutako gol bati esker. Partida parekatuta zegoen eta Alba Redondok Quiñones berriz ere estu hartu zuen arren, Iraia Iturregiren taldea 1-2 joan zen atsedenaldira Gimberten golari esker. Atzelari beteranoak korner baten ostean egindako burukada itzela izan zen.

Aldageletatik bueltan, Leire Baños birritan animatu zen, baina Quiñonesek ondo blokatu zuen baloia. 55. minutuan Sophie Istillarten lesioa etorri zen eta ezin izan zuen berdegunean jarraitu belaunean min hartu ondoren. 63. minutuan Alba Redondok 2-2koa lortu zuen korner baten ondoren egindako jokaldi batean eta gero Tolettik gertu izan zuen gola. Athletic, jota, lehen zatian bezala sufritzen hasi zen aurkariaren fedearen aurrean. Hala ere, Luciak baloia zelai erditik gidatu zuen Korenciovaren aurrera heldu zen arte, eta 2-3koa sartu zuen atezainari iskin eginda.

Lehoiak itxi egin ziren eta dena eman zuten emaitza defendatzeko, eta Lucia eta Azkona erasoko faroak ziren kontraerasoan ziztu bizian irtetzeko eta neurketa erabakitzen saiatzeko. Levantek berdinketaren bila jarraitu zuen, baina talde osoak defentsan egindako lanari esker, Athleticek garaipena lortu zuen Buñolen, 2015-2016 denboralditik gertatzen ez zena.