Athletic Club - Real Zaragoza
Jardunaldia 36
Liga

Athletic Club - Real Zaragoza

Athletic Club
Athletic Club
10
Real Zaragoza
Real Zaragoza
  • 74' Yeste

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Zaragozak 0: Arnasbidea!

Athletic Clubek garaipena erdietsi du Zaragozaren aurka (1-0) Yestek eskuinez 75. minutuan sartu duen golari…

Athletic Club

Athletic Clubek garaipena erdietsi du Zaragozaren aurka (1-0) Yestek eskuinez 75. minutuan sartu duen golari esker eta hiru puntuekin batera arnasa apur bat hartu du taldeak falta diren azken bi jardunaldiei begira. Presioa taldearen grina eta gogoa gainditzeko zorian egon da, baina kazetari batek prentsa aretoan aipatu duen bezalaxe, azken jardunaldiotan merezi gabe galdu zena taldeari itzuli dio oraingoan futbolak.

Eta lehen itzulian Zaragozaren kontrako partida merezi gabe galdu bazuen ere, hil ala biziko hitzordu honetan merezi gabe irabazi du, asko sufrituz denboraldiko ohiturari fideltasuna erakutsiz. Hasieratik ikusi da Athleticen eguna ez zela. Taldeak ez zuen behar legezko presiorik egiten eta egiten zuenean edo atzean egiten zuen ala desoreka nabaria zen. Horri esker, Zaragozak ez zuen ahalegin berezirik behar arriskua sortzeko.

Beraz, goizegi hasi dira komeriak San Mamesen. Esaterako Diego Militok zutoinera errematatu du 9. minutuan, 14. minutuan jokalari bera bakar bakarrik geratzen zen Lafuenteren aurrean eta laguntzaileak ez du asmatu jokaldia bertan behera utziz. Epailearentzat ere, ez da gaurkoa izan bere egunik borobilena.

Ordu erdia baino lehenago, 27. minutuan hain zuzen ere, Diego Militok gora bidali du baloia banako jokaldiaren ondoren eta 32. minutuan, falta zitzaiguna, Ewerthon ere agertu da, baina Lafuentek desbideratu egin du jaurtiketa/erdiraketa. Eta Athletic Club? Ondo esan beharko, golik jaso gabe baitzebilen. Harmailetan pazientziazko sakukadak bazeuden arren, zerbait gehiago espero zen eta lehen zatiko azken minutuetan behintzat animatu dira gauzak. Berpiztu da taldea, batez ere epaileak Ponzioren penalti argi eta garbia seinalatu ez duenean 35. minutuan. Falta baten ondorioz Lacruzek atzera utzi du bigarren zutoinetik eta Prietoren burukadaren osteko aldaratzea Urzaizek boleaz errematatu du indartsu, baina eskuak desbideratu du baloia. Hiru minutu beranduago Urzaizek errematatu du buruz, baina Cesarrek ez du arazorik izan baloia harrapatzeko eta 39. minutuan kanpora jaurti du Murillok.

Lehen zatian ikusitakoa nahikoa ez bazen ere, bide beretik ekin diote talde biek bigarrenari. Zaragoza zutoinarekin harremanetan. Diego Militok berriro ere zuraren presentzia nabarmendu du 50. minutuan eta zurigorriek urduritasun eta ideia eza bera agerian utzi dituzte. Etxeberria sartu da Guerreroren ordez 53. minutuan eta 57. minutuan buruz errematatu du gora, baina Zaragozak ez du etsi. Zapaterren jaurtiketa harrapatu du Lafuentek 60. minutuan, txartela erakutsi diote jarraian Etxeberriari gezurrezko penaltia sortu guran eta gure atezainak arrisku biziko jokaldia ekiditu du Ewhertonen aurrean 67. minutuan. Ia une berean Llorente sartu da Amorebietaren ordez eta tokiz aldatu dira jokalari asko: Lacruz atzeko ezker hegalera, Iraola eskuin lateralera, Etxeberria eskuin hegalera eta Llorente Urzaizekin batera aurrean.

Lafita sartu du Victorrek Diego Militoren ordez eta berdinketaren balioaz ari ziren zale zurigorri gehienak. Baina futbolak zenbait kontu zeuzkan konpontzeke. Llorenterekin adibidez. Nahi gabe zurrunbiloaren erdian ikusi du bere burua azken asteotan hedabideetan, San Mamesen bertan, entrenatzailearen ahoan… eta azken finean gaur egin duen jokaldiak itzuli dio inoiz galdu behar ez zuen ezaugarria: harrobitik irten den jokalari interesgarria, zaindu behar dena astiro baina etenik gabe hobetzea eskatzen zaion bitartean.

Yesteren pasea jaso du ezker hegalean 75. minutuan, Diego Milito gainditu du atzelaria eta ateko marraren tartea ia ikustezina zen arren eta gauza bera egin du Ponziorekin. Burua altxatu du eta baloia atzera bidali Yestek eskuinez itxaropenaren gola egin zezan. Zoramena, malkoak, taupada geldiezinak, argia tunelaren beste aldean eta ez trena zetorrelako… bat eta zero! Bai, egia zen eta lan eskerga egin du taldeak mantentzeko. Tikok ordezkatu du Ustaritz, biziki nekatuta, eta Murillo kokatu da zentral moduan, Zaragozan Generelok eta Aranzabalek Zapater eta Toledo ordezkatu dituzten bitartean.

Lehenbizikoz espazioekin erasotzeko aukera izan du taldeak eta Llorentek buruz eta areaz kanpotik abagune bi, baina azken jardunaldiotako joko hobeagoak zor ziguna eskuratu ahal izateko Lafuentek beste baloi gaiztoa desbideratu dio Saviori 89. minutuan. Laster batean amaiera, bat eta zero! Bai.

Orain behintzat lasai egon daitezke jeitsiera arriskuan daudenak. Zaragozak horrela jokatzen baldin badu asteburuan zaila izango da behetik datorren Alavesek punturik urratzea, baina hamaika ikusteko jaioak gara. Lasaigarriaren ostean A Coruñan final berri bat… ea azkena den.