Athletic Club VS Getafe CF 18/2/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
23. Jardunaldia

Athletic Club2 : 0Getafe CF

Aduriz29'
Aduriz49'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
18/02/2007
Ordua
17:00
Data eta ordua
18/2/2007 - 17:00

Athletic Clubek 2-Getafek 0: Etxean sendo, bigarrenez

Athletic Clubek garaipen garrantzitsua eskuratu du Getaferen aurka (2-0) eta hiru puntuen berebiziko balioaz baino…

18 de feb. de 2007

Athletic Clubek garaipen garrantzitsua eskuratu du Getaferen aurka (2-0) eta hiru puntuen berebiziko balioaz baino haratago, San Mamesen indartsu agertzearena ere bete du. Adurizek bi golak egin ditu, 30. eta 50. minutuetan, eta epaileak beste gol argia baliogabetu dio Ismael Urzaizi.

Ez zen hil ala biziko lehia, edo baliteke baietz gainerakoen emaitzak ikusita, baina ezinbestekoa zen garaipen bideari berriro ekitea, batez ere etxean, eta bigarrena heldu da lehendabizikoan gertatu zen moduan, hau da, bi goleko abantailarekin horrek dakarren lasaitasun puntuarekin.

Recreativoaren aurka gertatu zen legez, arerioa errebelazioaren ikurra zekarren, baina Athletic Clubek erakutsi du goiko postuetan daudenen aurka jokatzeko gai dela bere betiko armekin: kokapen ona, grina eta baita kalitatea ere. Lehen minutuak orekatuak izan dira oso eta txartelak baino ezin ditugu apuntatu, gol abagunerik ez baitira iritsi ekimena zurigorria izan den arren. Publikoak beharrezko pazientzia erakusteaz gain asteko deialdiarekin egin du bat eta animoak biderkatu ditu ezer ez zegoenean eta lotan geratzeko arriskua agertu denean epaileak harrotu ditu hautsak.

Estrategian ez zuen asmatzen gure taldeak eta Urzaizek izan du lehen abagunea 29.minutuan, baina bere boleak atzelari baten gorputzean jo du. Erasoan serioago hasi eta berehala lehen gola heldu da. Hurrengo minutuan hain zuzen ere, Gabilondok ondo egin presioa, baloia berreskuratu du ezker hegalean, bi pauso besterik ez eman ditu arearantz eta erdiraketak atzelari baten gorputzean jo duen arren, mantsotu baino ez du egin baloia eta Adurizek erditik bakarrik zetorrela eskuinez desbideratu du sareetara.

Saria eskuratu ostean ez du tokirik galdu Athletic Clubek eta Gabilondok banako jokaldia egin du 33. minutuan, baina jaurtiketa biguna izan da Patoren eskuetara. Zurigorriek hasierako 4-1-3-2koarekin (Atzeko laukotea, Murillo defentsaren aurretik, Iraola eta Gabilondo hegaletan eta Yeste punta erdian Urzaiz eta Adurizen atzetik) segitu dute, edo lauko erronboa erdian jokuaren arabera eta gutxigatik ez dira hamarrekin geratu Aduriz Belenguerren probokazioan jauzi denean 36. minutuan. Eskerrak epaileak aurrelariak egindako keinua txartel horian utzi duen, bestela…

Agi denez mugimendua zen nagusi partidan une horietan eta erritmoa ez da moteldu atsedenaldira arte. Athleticek segitu du arriskua sortzen eta Expositoren erdiraketa bikainari erantzun are bikainagoa eman dio Urzaizek eta burukada gola bihurtu du… baina ez epailearen ustez. Egoera larria zen bigarrenarekin lasaitasuna eskura zegoelako, baina are larriagoa bihurtzeko tenorean egon da hurrengo jokaldian Güizak aukerarik garbiena izan duelako, baina kasu honetan Aranzubiak geldiketa ona egin du.

Bigarren zatian ez du etsi Athletic Clubek eta arerioaren zain egon beharrean aukerak sortzeari ekin dio lehia ahalik eta lasterren ixteko. Adurizen kontraerasoa ez da gutxigatik borobildu 47. minutuan, azken unean ezin izan dio izkin egin atzelariari eta pasea Urzaizek errematatu du areaz kanpotik baina Patok desbideratu du baloia. Bigarrenean bai, Yesteren pase sakona hartu du Adurizek keinu egokia egin du eta lasaitasunez gainditu du Pato baloia doi-doi sareratuz.

Getafek ezin izan du erantzun. Taldeak, lasaitasunez oraingo honetan, mugitu eta izkutatu du baloia eta Getaferen zelaian eduki du partida gehienetan. Iraolak faltaz gola bilatu du 61. minutuan, aurreko jokaldian Patori baloia kendu ostean, berriro ere, presionatzeagatik.

Schusterrek bi aldaketa egin ditu taldea berpizteko (Albin eta Maris, Vivar Dorado eta Nachoren ordez) Javi Martinez Urzaizen ordez sartzen zen bitartean. Getafek arriskua sortu du, beranduegi, Güizaren bitartez 70. minutuan eta Paredesen bitartez 83. minutuan, baina bietan sendo erantzun du Aranzubiak, bai irteeran eta bai atepean. Gurean Etxeberria sartu da Gabilondoren ordez eta arauzko denbora betetzeko sei minutu falta zirela Llorente Aduriz gaueko golegilaren ordez.

Besterik gabe joan da norgehiagoka helburu guztiak beteta. Dena den, irabazi eta gero ere, pronostikoa berbera da: borroka askoko prozesua izango da zuloa ateratzearena, baina bide onetik joateko ezinbestekoa zen San Mameseko magia berreskuratzea. Eta amaitzeko beste helburu bat: inor ez da txartelengatik baja izango Camp Nou futbol zelaian. Ildo honetan ederto mintzatu da gure entrenatzailea prentsa aretoan asteko zentzurik gabeko zurrumurruaz: txartelak bilatzea txartelak ez duten jokalariak gutxiestea da eta, bide batez, hurrengo lehia galdutzat ematea eta, guztietan lez, asko dago irabazteko Bartzelonan.