Athletic Club VS Sevilla 2020-10-31 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
08. Jardunaldia

Athletic Club2 : 1Sevilla

Muniain76'
O.Sancet86'
En-Nesyri9'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
31/10/2020
Ordua
16:15
Data eta ordua
2020-10-31 - 16:15

Iraulketa handia aulkitik etorri da

Athleticek aurkako gol bat irauli du azken ordu laurdenean Sevillari 2-1 irabazteko, bigarren zatian zelairatu diren Muniain eta Sanceten golekin

2020ko urr. 31a

Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Sevilla Futbol Clubi San Mamesen, azken ordu laurdenean markagailua iraulita. Gaizka Garitanoren mutilek saria merezi izan zuten ausardiagatik eta egindako futbolagatik. Muniainek, korner batean (75. minutuan), eta Sancetek, bere lehen baloian, 86. minutuan, bi golak bigarren zutoinean, Julen Lopetegiren jokalariei belauniko jarri zien, zuri-gorrien bultzadagatik atzerapausoa ematera behartuta.

Fedearen, ekin eta ekin egitearen eta Gaizka Garitanok agindutako aldaketen saria izan zen. Muniain eta Sancet golegile bihurtu baziren aulkitik zelairatuta, Unai Lopez eta Vesgaren ekarpenak zelai erdian taldea altxatu zuen. Villalibrek, bigarren zatian ere zelairatuta, sekulako lana egin zuen Sevillako erdiko atzelari erraldoiak finkatzen. Dena nahi bezala amaitu zen, jokoaren garapena erabat aldatu zuen iraultzarekin.

Izan ere, neurketa aldapa gora jarri zen hasieratik, En Nesyrik lehoiak hotzean harrapatu zituenean ezker-jaurtiketa batekin Ocamposek atzera erdiratu ondoren, zortzigarren minutuan. Albisterik txarrena izan zen. Garitanok Zarragaren (lehen aldiz hasierako hamaikakoan) eta Morcilloren aldeko apustua egin zuen. Lehenengoak Berenguerren erdiraketa on bat kanpora bidali zuen eta aurreko hegalekoa beti saiatu zen erdiraketa onak ateratzen. Athleticek ia ez zuen Bono urduri jarri, kanpora joandako Raul Garciaren burukada bat izan ezik.

Athleticen onena partidaren une zailenetan bizirik jarraitzea izan zen, atzeko aldean gauzak ondo eginez Sevillako harresiaren aurrean sartzeko modurik ez zegoenean. Izan ere, hor zegoen Iñigo Masrtinez, En Nesyriren burukada bat urruntzeko 49. minutuan. Hamaikako zuri-gorrian egindako aldaketek ideien eta energiaren freskotasuna ekarri zuten. Lehoiak baloia oso ondo mugitzen hasi ziren, eta erabakitasun handia erakusten.

Dani Garciak korner batean burukada bat eman ostean, beste korner batean iritsi zen saria. Morcillok intentzioz atera, Vesgak bigarren zutoinera luzatu eta Muniain azkarrak baloia sarera bultzatu zuen. Athletic, tentsioa jaitsi beharrean, garaipenaren gola bilatzera joan zen. Kapitainak baloi zatitu bat berreskuratu, Williamsekin bat egin eta Iñakik berak bigarren zutoinera bidali zion luze Sanceti. Jokalari gazteak ez zuen barkatu eta merezitako iraulketa idatzi zuen Europa Leagueko txapeldunaren aurka. Martxotik 90 minututan ez zituen bi gol jasotzen talde honek, Villarrealen aurka izan zen azken aldiz, Sevillari gol egitea kostatzen denaren seinale.