Bilbao Athletic - Tudelano
Jardunaldia 24

Bilbao Athletic - Tudelano

Bilbao Athletic
Bilbao Athletic
10
Tudelano
Tudelano
  • 65' Guruzeta

KokapenaLezama 2 , Lezama

Hiru puntu oso borrokatuak

Bilbao Athleticek CD Tudelanori irabazi dio Guruzetaren gol bati esker lehiaz beteriko norgehiagokan

undefined

Bilbao Athleticek garaipen oso landu bat erdietsi du gaur Lezaman CD Tudelanoren aurka Guruzetaren golari esker. Aurrelariak, Morcillok zutoinera bidalitako jaurtiketaren aldaratzea baliatu du markagailua irekitzeko.

Hasieran Tudelanok erasora jo zuen, eta Nestor Ezkieta ezustean harrapatzeko zorian egon zen urrutiko jaurtiketa baten bidez, baina bere jaurtiketa langaren gainetik joan zen. Aresoren erdiraketa on baten ondoren erantzun zuen Zarragak hurrengoan, baina bere jaurtiketa arazorik gabe gelditu zuen Oscar Lopez atezainak. Joan etorriko partida zela zirudiena, laster joko trinkoko neurketan bilakatu zen, bi taldeek aurkariaren arean arriskua sortzeko zailtasunak izanda.

Joseba Etxeberriak Areso ordezkatu behar izan zuen 20. minutuan, eskuin hegaleko atzelariaren arazo fisikoengatik, eta haren ordez Alvaro Nuñez zelairatu zen. Bilbao Athletic ezker hegaletik min egiten saiatu zen. Imanol eta Morcillo gogotsu aritu ziren, baina jokalari zuri-gorriek ez zituzten euren erdiraketak aprobetxatu. Tudelano ia ez zen iritsi etxekoen areara, nahiz eta Nestorrek, urruneko beste jaurtiketa on batekin, Ezkieta estutu zuen.

Joseba Etxeberriak aulkia mugitu zuen atsedenaldian, Saladori sarrera emanez, Pradosen ordez. Bilbao Athletic gogor zelairatu zen bigarren zatian, eta bereak izan ziren aukerarik argienak. Guruzetak izan zuen lehen abagunea Silleroren pase on baten ondoren, baina Bilbao Athleticeko aurrelariak ez zuen errematatzerako orduan asmatu. Morcillok, berriz ere ezker hegaletik protagonista, baloia langara bidali zuen, jokalari guztiak ezustean harrapatu zituen erdiraketa batean. 10 minutu geroago gertatuko zenaren abisua izan zen. Aurretik Vencedorrek erdiraketa ona jarri zion Saladori, baina lehoi kumearen errematea kornerrera desbideratu zuen Tudelanoko atezainak. Bilbao Athletic nagusi zen berdegunean, eta 65. minutuan lortu zuen bere saria. Morcilloren jaurtiketak zutoinean jo zuen, eta Gorka Guruzetak, aldaratzean oso adi, baloia sare barrura bidali zuen. Aurrelari zuri-gorriaren bigarren gola aurtengo denboraldian.

Tudelanok puntuak behar zituen mailari eusteko borrokan. Berdinketaren bila joan zen kanpoko taldea, eta horrek partida irekitzea eragin zuen. Hala ere, ez zuen arazo gehiegirik sortu Ezkietak defendatutako atean. Morcillo saiatu zen beste behin, eta Artolak ate erdira errematatu zuen Nuñezen erdiraketa on baten ostean. Marcos Islak izan zuen onena kanpoko taldearentzat burukada batekin, baina Ezkietak arazorik gabe gelditu zuen. 90. minutuan, Alvaro Nuñezek bigarren txartel horia ikusi zuen, eta ondorioz, Etxeberriaren mutilek bat gutxiagorekin jokatu zuten partidako azken txanpa.

Bigarren B Mailako II. multzoko bigarren postuan kokatzen da Bilbao Athletic, UD Logroñes liderrarengandik 3 puntura, bihar Salamancaren aurka Las Gaunasen jokatuko duena. Lehoi kumeek Osasuna B-ren aurka neurtuko dituzte indarrak etxetik kanpo datorren astean.