"Helburua argia da: bosgarrenak izan behar gara"

"Helburua argia da: bosgarrenak izan behar gara"

Ernesto Valverdek onartu du "Athletic beti izan dela nire lehentasuna" eta "San Mamesen denboraldia zapore onarekin amaitu" nahi duela

Ernesto Valverdek Lezamako prentsa aretoan agerraldia egin du Athletic Club-Sevilla FC partidaren atarian eta bart denboraldi berri batez Athletic zuzentzen jarraituko duenaren albistearen berri eman ostean. Hain zuzen ere, gai horri buruz zera adierazi du: "Denbora eta une aproposaren bila genbiltzan. Atzo horretarako momentua iritsi zen. Ez zait kosta erabakitzea. Zure etorkizuna erabakitzeko uneak iristen direnean, era guztietako gauzak baloratzen dituzu, baina, kasu honetan, erabakia onduta zegoen. Nire lehentasuna hemen egotea da. Urte ona egin dugu, betebeharra sentitzen dut beti laguntzen digun jende guztiarekin, eta Athleticen egotea pribilegioa da. Kontratua berritu ahal izatea are zorte handiagoa izatea da. Athleticen egotea da gehien gustatzen zaidan tokia".

Bihar Sevillaren aurka jokatuko duen partidari dagokionez, entrenatzaile gasteiztarrak oso argi dauka: "Gure helburua argi eta garbi dago: bosgarren izatea da. Horretarako, gutxieneko bi puntu behar ditugu, eta bihar denboraldia ondo agurtzeko, jarraituko ez duten jokalariak behar bezala omentzeko eta San Mamesen denboraldia zapore onarekin amaitzeko irabazi nahi dugu".

Andaluziako taldea une delikatuan dagoen arren, Valverdek badaki biharko lehia ez dela batere erraza izango: "Sevillaren bertsiorik onena espero dut. Jokalari onak dituzte eta talde bikaina da. Kluba zeharkatzen ari den unea bigarren mailakoa da, eta ez digu ezertarako eragin behar biharko partidaren bilakaeran".