Athletic guztiaren titulua

Athletic guztiaren titulua

Klubak eskerrak eman nahi dizkio familia zuri-gorriari 126 urtez munduan bakarra den eredu batekin tituluak irabazten jarraitzeko duen irauteko grinarengatik

Athletic Clubeko gizonezkoen taldeak 14.581 egun eta 1.876 partida ofizial jokatu ditu 1984ko maiatzaren 5aren eta 2024ko apirilaren 6aren artean, Santiago Bernabeun lortutako garaipenetik atzo La Cartujan lortutako garaipen ahaztezinera. Kopa eskuratzeko lau hamarkada behar izan ditugu, nahiz eta behin eta berriz saiatu... 25.a hemen da jada, Athletic Club Museoan ohorezko beira-arasa bat zain duela, baina, batez ere, milaka pertsona Gabarran ikusteko irrikaz, gure txapeldunekin batera. Atzo gehien behar genuenean hegan eraman gintuzten belaunaldi berriek gozatzeko garaipena da. Gure benetako zaleek pabiloia oso goian utzi zuten Sevillan izandako portaerarekin.

Denbora guzti honetan zehar, hainbat dira athleticzaleek ahaztuko ez dituzten uneak: 2015eko eta 2021eko Superkopako garaikurrak, edo Ligan, Kopan edo Europako txapelketetan bizitako gertakari zirraragarri eta ahaztezinak. Eta nola ez, gure emakumezkoen lehen taldearen ligako tituluak ere bai. Lehiakortasunak bizirik jarraitu du, baita sei final galdu genituenean ere, horietako bi mundu mailako pandemia baten testuinguru latzean eta gure jendearen arnasarik gabe bizi izan zirenak. Edozein talde ez da gai bost Kopako finalerdi kateatzeko. Zapore mingotsa utzitako une zail bakoitzak historia zuri-gorriaren olinpoan sartzen den hogeita bosgarren Koparen ordaina jaso du. Lehenengoa penalti-txanda gogoangarri batean lortzen dena, 1977an Real Betisen aurka izandako mina irauliz.

Presidente naizen aldetik, eta Zuzendaritza-Batzordearen, Klubeko langileen eta Athletic Club osatzen dugun guztion izenean, eskerrak eman nahi dizkiet Bilbon, Bizkaian, Euskal Herrian eta munduko txoko guztietan banatutako bazkide eta gainerako athleticzaleei, denbora honetan guztian zehar jasotako laguntzagatik, 126 urtez luzatzen den fideltasun eta konpromiso kateari eusteagatik. Une onetan eta txarretan, zuen eskuzabaltasuna eta babesa mugagabea beti izan dira ezinbestekoak zailtasunei aurregiteko eta munduan bakarrak bilakatzen gaituen kirol-politikari leial jarraitzeko.

Denbora horretan Athleticen jokatu duten futbolari guztiei ere egiten zaie aitortza. 1984ko maiatzaren 5etik, 251 jokalarik jantzi dute elastiko zuri-gorria. Gaur egungo plantillaren arrakasta aurretik saiatu zareten guztiengandik ere elikatzen da, taldeak, talde teknikoak, Zuzendaritza-Batzordeak eta Klubeko langileak, titulu bat lortzeak dakarren zailtasuna itzela da. Baina, era berean, bide propio batetik egiteak dakarren poztasuna eta harrotasuna adieraezina izatera bilakatzen du.

Zintzo ospatzeko garaia iritsi da, garaipenagatik esker ona eta poza adierazteko, baina baita joan zirenak gogoratzeko ere, haien oroimenak eta ondareak bizirik dirauelako gure artean. Ziur nago, dauden tokian daudela, Athleticen Kopako garaipen berria ospatzen ari direla, eta Piru Gainzak txapeldun berriei eskainitako esaldi mitikoa entzuten dela haien buruetan: "Mutilak, ez dakizue zer egin duzuen".
 
Zorionak eta eskerrik asko!
 
Aupa Athletic!

Jon Uriarte
Athletic Clubeko presidentea