Raul Garciak futbola utziko du denboraldia bukatzean

Raul Garciak futbola utziko du denboraldia bukatzean

Nafarroako futbolari ahaztezina Kopa eta Superkopa besapean dituela joango da Athleticetik, baita zenbaki ikusgarriekin ere

Raul Garciak, futboleko jokalari mitikoak, 37 urterekin futbola uztea erabaki du, Athletic Cluben Kopa lortu eta astebetera, non taldeari orain arte egin dion azken zerbitzu bikaina egin zuen, penaltien txandako lehen jaurtiketa bikain sartuz. Hala jakinarazi die gaur goizean bere taldekideei Lezamako instalazioetan, gimnasioan, non orduak eta orduak eman dituen egunero bere ibilbidea ahalik eta gehien luzatzeko.

Nafarrak zenbaki ikaragarriak pilatu ditu Espainiako futbolean, non rankingeko hirugarrena den ligako partidetan 602 neurkekinn (109 gol), Andoni Zubizarretaren eta Joaquinen atzetik bakarrik (622). Raul Garciak, profesionaltasunaren eta ahaleginaren adibide, 356 partida jokatu ditu Athleticen eman dituen bederatzi denboraldietan, eta horiei Atletico Madrilen batu zituen 329 partidak eta Osasunan jokatu zituen 126 partidak gehitu behar zaizkie.

Maila gorenean 20 denboraldi eman ditu nafarrak, eta orain arte 811 partida jokatu ditu futbol profesionalean, 148 gol sartuta. Gainera, berdegunean bete behar izan dituen posizio ezberdinetara primeran egokitzen jakin du. Raul Garcia zelai erdian hasi zen, aurre-erdialdera joan zen gero eta Athleticen aurrelari bezala bukatu du, Aritz Adurizen ordezko baten beharrarekin.

Athletic Clubentzat benetako ohorea da bere mailako futbolari batek ia hamarkada bat bete izana gure koloreekin. Aintzatespen profesional eta futbolistiko handiarekin eta garaikurren zerrenda luze batekin bukatuko duen jokalariaz ari gara. Athletic eta Atleticoren arteko tituluen nahasketari esker, Liga 1, 2 Kopa, 2 Superkopa, 2 Europa Liga eta 2 Europako Superkopa batu ditu. Lehoi ahaztezina, benetan.