UD Tenerife - Athletic Club
Jardunaldia 14
Liga F

UD Tenerife - Athletic Club

UD Tenerife
UD Tenerife
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 57' Thaís Ferreira
  • Nerea Nevado 79'

KokapenaCampo de fútbol de Adeje , Adeje

Zapore oneko berdinketa Tenerifen

Athleticek bolada onari eutsi dio eta puntu bikaina lortu du Nerea Nevadoren gol ikusgarriari esker

Meritu handiko puntu bat erdietsi du Athleticek Tenerifera egindako bisitan. Partida oso parekatua izan da, nahiz eta lehenengo zatian Herreraren neskek arrisku handiagoa sortu duten Nanclaresek defendatzen duen atean. Hala ere, denboraldi honetan golegile gisa estrinatu den Nevadoren gol zoragarri batek aho zapore ona utzi dio talde zuri-gorriari.

Oso neurketa bizia eta lehiakorra izan da bi taldeek gaur Adejeko futbol zelaian jokatu dutena. Lehoiek ondo ekin diote neurketari, sendo atzean eta baloiarekin agintzen, baina Babajide eta Koko jokalarien bizkortasunak David Aznarren taldearen lan defentsiboa zaildu du. Blomek izan du lehen berrogeita bost minutuetako aukerarik argiena, baina oso zihur aritu den Nanclaresek belgiarraren saiakera gelditu du.

Atsedenaldia igarota, falta jaurtiketa baten bidez, etxekoen gola iritsi da. Ferreirak sartu du gola, 56. minutuan buruz egindako erremate baten ostean. Kokildu beharrean, Athletic suspertu da eta Marianaren jaurtiketa baten bidez berdinketaren gola egiteko abagunea izan du. Norgehiagoka bizi-bizi zegoen oraindik, baina markagailua ez zen mugitzen. David Aznarrek aldaketa guztiak gauzatu ditu, eta berdinketaren golaren bila tematuta, joko-sistema ere aldatu du. Asko saiatu ostean, Nerea Nevadok 79. minutuan ezkerretik gauzatutako jaurtiketa batetik iritsi da berdinketa. Baloiak zutoinean jo eta Tenerifeko atezainak zaintzen zuen atean sartu da.

Lehoiek gora egin zuten. Irabazteko gosea dutela erakutsi dute eta zelaian zeuden zale zuri-gorriak hauspotuta amaierara arte UD Tenerife taldea erasotu zuten. Amezagak azken minutuetan izan du bigarren gola egiteko aukera, baina neurketa berdinketarekin bukatu da. Gauzak korrela, Athleticek bolada ona luzatu eta galdu gabeko laugarren jardunaldia kateatu du. Larunbatean, denboraldiko unerik gozoenean, zuri-gorriek Real Madril hartuko dute.