SD Eibar - Athletic Club
Jardunaldia 25
Liga F

SD Eibar - Athletic Club

SD Eibar
SD Eibar
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Azkona 53'
  • J. Amezaga 92'

KokapenaIpurua , Eibar

Garaipenaren bidera itzulera Ipruruan

Minutuak aurrera egin ahala hobetzen joan den Athletic 0-2 gailendu da SD Eibarren aurkako derbi parekatu batean

Azkonak gola sartu zuen bigarren zatiaren hasieran eta Jone Amezagak partida erabakita utzi zuen azken unean. Zuri-gorriek garaipena dastatu dute berriz Madrilen galdu ostean eta hiru puntu gehiago batu dituzte sailkapeneko goiko aldean borrokatzen jarraitzeko.

Lehen zatiak hasieran aurreikusitako bidea jarraitu zuen. Hala ere, norgehiagoka hasi eta gutxira, zuri-gorrien atzealdean egindako akats batek SD Eibarri aukera bikaina ekarri zion, baina Nanclaresek geldiketa bikaina egin zuen. Hasierako sustoaren ondoren, Athleticek baloia izan zuen, baina ez zuen Miralles ia kezkatu. Armaginen defentsa lanak asko zaildu zizkion gauzak bilbotarrei eta ez zituzten gol abaguneak izan. Adriana Nanclaresek, bere aldetik, eibartarren gola ekidin zuen oinekin Pizarroren jaurtiketa geldituz. Eibartarrak, aireko jokoan oso indartsuak, Athleticen areara hurbiltzen saiatu ziren, baina ez zuten atea aurrean asmatu.

Hori bigarren zatian aldatu zen, Azkonak markagailuko berdintasuna hautsi zuenean. Nafarrak armaginen defentsa gainditu eta buruz bidali zuen baloia sarera 53. minutuan. Seigarren gola denboraldi honetan lehoiarentzat. Yerai Martinen taldeak bere eskemari eutsi zion, eta David Aznarrek hiru erdiko atzelari jarri zituen zelaian. Maite Zubietak 72.ean 0-2koa lortzeko parada izan zuen, baina Mirallesek esku ona atera zuen bere taldea bizirik mantentzeko. Denbora agortzen ari zen, gipuzkoarrek aurkariaren area zapaldu ere egin gabe. Maddi adi egon zen Pizarroren jaurtiketari aurre egiteko eta hurrengo jokaldian Nanclaresek Elbaren errematea gelditu zuen korner baten irteeran. Etxekoak animatu egin ziren eta 80. minutua pasata alboko erdiraketekin saiatu ziren. Zaleak ere estutzen ari ziren.

Athleticek ondo defendatzen jarraitu zuen, sendoago, derbiko gol bakarrak ematen zuen abantaila mantentzeko. Azken minutuetan Eibarrek bultza egin zuen, baina Jone Amezagak 0-2koa egitea lortu zuen. Zallakoak area txikian jaurti, Miralles gainditu eta neurketa behin betiko eranakita utzi zuen Athleticen alde. Beste garaipen bat eta denboraldiko derbi guztiak zuri-gorriak izan dira. Hurrengo jardunaldian lehoiek puntu premian dagoen Villarreal hartuko dute Lezaman larunbatean.