Porrota Fuenlabradan (3-2)

Porrota Fuenlabradan (3-2)

Etxeko taldeak bigarren zatian estutasunak izan zituen lehia batean, atsedenaldia iristear zela lehoiek jasotako bi golak erabakigarriak izan ziren

Athleticek 3-2 galdu zuen Madrid CFF-ren aurka Fernando Torres zelaian. Monica Hickmannek etxeko taldea aurreratu zuen 3. minutuan. Lehoiak egoera iraultzen saiatu ziren eta Oguizak urrutitik egindako jaurtiketak Ulloaren trebetasunak proban jarri zituen. Berdinketaren gola Pekeren botetatik iritsi zen. Baloia berak ostu zuen eta jaurtiketa madrildarren atzelari batean jo ostean, 1-1ekoa jarri zuen 16. minutuan. Partida oso lehiatua izan zen, atsedenaldiko minutu erabakigarriak iritsi ziren arte. Madrid CFF-k Lucia Pardoren bitartez lortu zuen bigarren gola  44.ean, eta hirugarrena Kundananjik egin zuen 47.ean. Bi gol, bi lauza bezalakoak, gogorrak.

Aldageletatik itzuli ostean, Landaluzek ezkerrarekin gola sartzeko abagunea izan zuen, baina bere jaurtiketa desbideratu egin zen. Madrid CFF-k neurketa erabakita uzteko aukera izan zuen jokaldi batzuetan, baina Azkonak, oso bizkorra, Ulloari aurrea hartu zion eta honek penaltia egin zion. Pinedo izan zen hamaika metroetatik jaurtiketa egin eta 65. minutuan gola sartu zuena. Azken minutuetan Iraia Iturregirenek saiakera gehiago egin zituzten, norgehiagokaren gidoiak hala eskatzen baitzuen. Nerea Nevadok, jaurtiketa bikain batekin, berdinketa erdiestekotan izan zen, baina Ulloak bere erreflexuak erabili zituen santurtziarraren gola eragozteko. Porrot mingarria jaso dute zuri-gorriek Fuenlabradara egindako bisitan. Datorren ostiralean (20:00etan), San Mamesen laguntzarekin, hiru puntu lortu beharko ditu taldeak, arrisku postuetatik aldentzeko.