undefined

1-0 galdu da Tenerifen

1-0 galdu da Tenerifen

Emakumezkoen Athletic Clubek 1-0ekoaz kale egin du UD Granadillaren aurka; atsedenaldira heldu aurretik penaltiz sartu dute

Tenerifen zerbait ateratzea zaila da oraindik Emakumezkoen Athleticentzat. UDG Granadillari egindako bosgarren bisitan berriro hutsik itzuli da etxeko taldeak penaltiz sartu eta gero. Talde zuri-gorria egoera berezietara egokitu behar izan zen, soropil artifizialeko jokaleku txikian, eta entrenatzaile zuri-gorriak egoera hori bereziki nabarmendu zuen aste osoan zehar. Hasieratik ikusi zen neurketa ez zela lan erraza izango zuri-gorrientzat. Bosgarren minutuan Athleticen lehen hurbilketa egin zen aurkariaren areara, Damarisek buruz Reis atezainaren eskuetara bidalita Garazik jaurtitako falta baten ondorioz.

Hala ere, etxekoak izan ziren nagusi lehen zatian, eta Estella eta Allegra izan ziren erasoaldietako argudio nagusiak. 15. minuturako Sierrak eta Valdezatek txartel horia zuten jada, etxeko jokoa indargabetzeko zailtasunen adibide.

21. minutuan Allegrak jaurtiketa gurutzatu batekin De la Nava baloia urruntzera behartu zuen. Handik gutxira, Martin Prietok zutoina urratuz errematatu zuen Estellaren erdiraketa on bat. 35. minutuan partiduaren jokaldi polemikoa gertatu zen; Leiak Luciaren erdiraketa bat errematatu zuen, Reisek baloia ukitu, barruan bote egin, baina epaileak ez zien zuri-gorriei gola eman.

0-1ekoa izan zitekeena 1-0era pasatu zen, 40. minutuan Eunatek Martin Prietori egindako penaltia Allegrak sartu ondoren. Atsedenaldira txitxarreroak gol bateko abantailarekin iritsi ziren.

Bigarren zatiaren hasieran Athletic hobeto kokatu zen jokalekuan. Villacampak markagailua iraultzeko mugimenduak egin zituen Marta Unzue eta Ane Azkona, Valdezate eta Yulemaren ordez zelaian sartuta, baina norgehiagokak orekatuta eta ia aukerarik gabe jarraitu zuen. Zuri-gorrien hurbilketa eskasek ez zuten arriskurik izan. Azkenean, zuri-gorrien bultzada ez zen goletan amaitu. Talde zuri-gorrien ondoz ondoko hiru garaipeneko sasoia eten egin da Iberdrola Lehen Mailan.