Athletic Club VS Real Madrid 2009-3-14 | Athletic Club’s Official Website
Matchday 27

Athletic Club2 : 5Real Madrid

Heinze32'(o.g.)
Llorente45'
Robben21'
Heinze30'
Huntelaar46'
Huntelaar60'
Higuain84'(p.)
Highlights
Stadium
San Mamés
Location
Bilbo
Date
14/03/2009
Time
22:00
Date and time
2009-3-14 - 22:00

Aintzineko garaietan bezala

Athletic Clubek 2 Real Madrilek 5Athletic Clubek 2-5 galdu du Real Madrilen aurka (Heinzek bere…

2009ko mar. 15a

Athletic Clubek 2 Real Madrilek 5


Athletic Clubek 2-5 galdu du Real Madrilen aurka (Heinzek bere atean eta Llorentek; Robbenek, Heinzek, Huntelaarrek -2- eta Higuainek penaltiz) epailearen lan negargarria baldintzatu duen partidan. Bisitariak nagusi izan dira, batez ere bigarren zatian, gehiengo eta birtute guztiak aprobetxatuz, horien artean buru hotza epaileak zoratu egin duen San Mamesen. Gezurra zirudien, baina nazioarteko maila dauka honek.

Aspaldiko garaietara itzuli gara: Real Madril garaile munduko laguntza guztiekin eta istiluak zelaian eta zelaitik at. Eskerrak gure zaleriak ulertu egin duela txantxa eta taldea burubelarri sostengatzea bateragarriak direla eta ez du iskanbilarik sortu ezta objekturik jaurti Casillasen deialdia tartean egon den arren, lotsabakoa, jaso ez duen erasorik antzezteraino. Horrekin batera zeukan irudia lurretik utzi du, baina ez ei du inporta, partida desorekatzeko lagundu baldin badu gure jokalarien buru hotzaren eza tartean.

Ezin da bi eta bostekoa eztabaidatu, hor dago eta, baina badirudi europar porrotaren ostean, Real Madrilen garaipena ezinbestekotzat jotzen zela. Jakin bagenekien Real Madrilen aurka jokatzen dutenak, Barça kenduta, gonbidatuak ei direla (behin irabaziz gero Real Madrilen akatsa da eta galdu ostean sasoian dagoelaren adierazle) eta partida arlo instituzionalean ere bere eragina izango zuela.

Hala eta guztiz ere, Bernabeuk zutik dirau eta iritzi sortzaileek domekako titularra dute jada: “Barça hiru puntura” eta hor konpon Mari Antton. Inork eskatuko al du zigorraren bat epailearentzat? Guk behintzat barkamena eskatu behar dugu, joan den astean Undiano egurtu genuelako Bartzelonaren aurkako lanarengatik, baina urteko epaileari dagokion saria emango diote bere lana gaur Muñizek egin duenarekin alderatuz gero. Hori bai, hozgailua asmatu zuenak izozkailua asmatzeko aurrepausua eman zuen. Gure jokalari zein teknikariek, egia esan ala ez aktan jasotzen dena, zigorra jasoko dute, baina epaileak?

Zaila da oso partidaz berba egitea epailearen joan-etorriak aipatu barik. Arautegiari jarraituaz eta gaur zelai gainean hartutako hainbat erabakien eskutik, askozaz jokalari gutxiagorekin amaitu behar zuten talde biek. Hasi bezain pronto Lassek zaplastada eman dio Javi Martinezi eta Huntelaarrek ukalondokoa Amorebietari. Horia ala gorria, berdin izan zaio epaileari, ezebez ez baitu seinalatu. Aldiz, bosgarren minuturako Iraolak zein Koikilik txartel hori bana zeukaten eta egoerak baldintzatu du hurrengo lana, batez era esker hegaleko gizonaren kasuan.

Sasi guztien gainetik borrokan buru-belarri sartu da Athletic. Yeste izan du hasierako aukera hamargarren minutuan, baina Casillasek urrundu egin du. Ordu laurdenerako Real Madril askatuago ikusi da eta Sneijderren jaurtiketa Iraolak urrundu du. Eta Pepek Toquero bere areatik, begi bat ubelduta utziz 18. minutuan, baina epaileak bere burua ez botatzeko esan omen dio. Haserraldiak bizirik segitzen zuen eta kontraeraso azkar baten Robennek zero eta batekoa ezarri du. Gol ona, 25. minutuan errepikatzen saiatu dena, baina kanpora jaurtiz.

Hurrengo bost minutuetan iparra galdu du Athleticek baina Lopezen jaurtiketa bat, Marceloren bizkarrean jo duena, eta Yesteren ahalegina, Casillasek harrapatu duena, bizia eman diete zurigorriei. Robbenek ere lana eman dio Iraizozi . Tamalez, europar lehiaketetan faltatzat hartzen ez den bat seinalatu du epaileak, Athletic Clubek txarto egin du jokoz kanpokoa eta Heinzek sareetara buruz errematatu du. Erantzuna bapatekoa izan da: Yesteren jaurtiketa areaz kanpotik, Casillasek baloia urrundu du, David Lopezek aldaratzea kontrolatu eta erdiratu egin du eta Heinzek bere atean egin du gola. Aitzitik, pizgarria zena amaieraren atea izan da.

Casillasek ospea zeukan: zintzoa, jatorra, arerioekiko begirunea zuena, baina gaur puntu asko galdu du. Dexente. Yeste adiskidengana zihoan gola ospatzeko, baina atezaina Yesterengana zuzendu ditu hitzak eta gorputza, tartean sartu da eta Yestek besoekin erditik kentzen saiatu da. Atezainak, aldiz, aurpegian mina hartu duela irudikatu du. Epaileak egin du gainerakoa. Gorria Yesteri eta horiak Martinez eta Ociori. Ostean, prensa aretoan hain justu ere, aurpegian kolperik ez duela hartu esan du atezainak, baina merezitako txartel gorria zela azpimarratuz.

Grina eta adorea ipini ditu Athleticek, baina nabaria zen Real Madrilen nagusitasuna, batez ere zelai erdian eta arriskuz beteriko kontraerasoak egiten zituen Ramosen taldeak. Adibidez Sneijderrek gora jaurti du 44. minutuan, baina zurigorriek berdinketa eskuratu dute Llorentek David Lopezen erdiraketa buruz errematatu duenean Casillasen laguntza paregabearekin, beharbada konzientzia txarrak estuturik.

Atsedenaldian Balenziaga sartu da Koikiliren ordez, zeukan zama gehiegizkoa baitzen Robben indargabetzeko. Zoritxarrez soilik bi minutuko berdinketa ikusi da San Mamesen Huntelaarrek bi eta hirukoa ezarri baitu 47. minutuan. Caparrosek Gurpegi zelairatu du David Lopezen ordez eta Pepek eskuarekin penaltia egin eta hortik gutxira Susaetak Orbaizen tokia hartu du erdialdea freskatzeko omen. Alferrik, epaileak protagonismo osoa gura zuelako. Esaterako txartel hori sinistuezina erakutsi dio Amorebietari Ion Velez aulkitik bota baino lehen.

Futbolera itzuliz, Javi Martinezen zartakoa desbideratu du Casillasek 59.minutuan eta bi beranduago Hunteelarrek ederto amaitu du kontraeraso azkarra. Real Madrilek lasaitasunez kudeatu du Athletic Clubaren antsia eta kontraerasoz kontraeraso menderatu ditu lehoiak. Huntelaar eta Higuainek aukera garbi izan dute, baina Iraizozek zapuztu ditu biak, baina epailea ez zen asetzen eta Iraolaren penaltia seinalatu du ia amaieran. Zaleriak umorez hartu du, eskerrak, eta San Mames ixteko mehatzuari atea ireki ordez, animatzeari eta irri-mirriz hartu du dena, txantxa zelakoan.

Prentsa aretoan Juande Ramosek epaileak emaitzarengan inolako eraginik ez duela izan azaldu du eta, beste polotik, Iraolak baieztatu du dena: “Hasiera hasieratik bagenekien zerbait egiteko dena primeran egin behar genuela”. Arrazoia omen zuen Mijatovicek duela itzuli oso bat, 19 jardunaldi, Bernabeun epailearen lan negargarria zela medio, batez ere gure aurka, Real Madrilen aurkako kanpaina abian zela. Bitartean pazientzia nagusitu behar da eta puntuak pilatu lasaitasunerako puntuak, ea Vila-realen aurka hasten garen.