
Athletic Clubek 3-Racingek 0: Primeran
Athletic Clubek 3-Racingek 0: Primeran
San Mameseko partidarekin batera garaipena itzuli da. Hiru eta zero irabazi du gure taldeak zeuzkan…
San Mameseko partidarekin batera garaipena itzuli da. Hiru eta zero irabazi du gure taldeak zeuzkan baja guztiak, Etxeberriarena azkena, eta Gurpegi auzian ezagutu berri duen kolpea gaindituz. Aste gogorra igaro du Athletic Clubek, zalantzarik gabe, Anoetaren porrotaren ondorioz denetatik irakurri eta entzun behar izan baitugu, gure taldearen kalitatea zalantzan jartzeraino ere.
Eta harrobiko talde batentzat larria da oso bere sustraiak hamabostero auzitan jartzea, etxetik kanpoko partidak galtzeagatik bada ere. Gainera Aranzubia, Del Horno eta Etxeberriarik gabe. Hasieratik Lezaman egindako zortzi jokalari zelairatu dira: Iraola, Prieto, Murillo, Casas, Gurpegi, Arriaga eta Yesterekin batera Panpin 20 urteko atezaina. Eta Gurpegik bezala -40.000 kartel inguru haizeratu dira- atezainak zalegoaren eta bere konfidantzaren babesa izan du.
Horregatik baloia hartu zazpigarren minutuan azkar atera Ezquerrori baloia azkarrago mugitu Urzaizeraino eta honen pasea goitik maisuki sareratu Ezquerrok berak. Bidea irekita zegoen jada. Eta Yestek izan du abagune berri bat 21. minutuan eta Racingek argiena 22. minutuan Benayounen jaurtiketaren bitartez, baina baloia kanpora joan da. Ez aldiz 25. minutuan Yestek ederto atera duen falta: Gurpegiren buruarentzat opari zena ezinobeto errematatu du nafarrak eta lau haizetara zabaldu du bere amorrua zalegoaren maitasuna berriro ere jasotzen zuen bitartean. Atsedenaldira joan baino lehen aukera bakarra Casasena izan da, baina Aouate atezainarekin egin du topo.
Anoetako emaitza bera, baina etxean, eta bigarren zatian islatu da datu hori. Partidaren 54. minutuan Regueirok kanpora egin duen burukada gogorra izan da kantabriarren bigarren zatiko lehen… eta azken aukera. Bederatzi minutu beranduago, berriro ikusteko den talde jokaldia burutu du Athletic Clubek. Baloia batera eta bestera mugitu ostean Iraolak baloia ipinio dio Urzaizi eta haren burukada lehorra nahikoa izan da partidari amaiera emateko. Eta amaitzeko hamaikakoari beste errepasoa: Pampin, lasai hasiera hasieratik, Iraola, Prieto, Murillo, Casas, Bordas, Arriaga eta Azkorra. Zortzi ere baina izen berri batzuekin. Pazientziaz landu behar da etorkizuna eta emaitza lagungarria suertatu da patzientziaz ere Steaua eguaztenean gainditzeko.
