undefined

Iñigo Martinez: “Athletic gara eta partida nahitaez irabazi behar dugu”

Iñigo Martinez: “Athletic gara eta partida nahitaez irabazi behar dugu”

Goizean taldeak egindako lan saioaren ostean Iñigo Martinez atzelariak hitza hartu du igandean Rayo Vallecanoren aurkako neurketa aztertzeko.

Goizean taldeak Lezaman egindako lan saioaren ostean Iñigo Martinez atzelariak hitza hartu du prentsa aretoan igandean Rayo Vallecanoren aurkako neurketa aztertzeko. Bere aburuz azken jardunaldietan etxean lortutako bolada onari jarraipena eman behar zaio joan den astean Alfonso Perez Koliseumean izandako hanka-sartzea konpontzeko. Helburua europear postuetarako txartela lortzea denez aukera berri honi ezin zaio muzin egin. Atzelariaren esanetan “Orain gauden postuan gure burua ikustea gustoko dugu. Lanaren poderioz eta zaleen babesari esker helburu ederrak lortzeko bidean gaude. Partida guztiak hil ala bizi jokatuko ditugu”. Talde eta zaleen arteko erlazioak indar berezia sortzen duela jakitun “neurketa zaila izango da, baina etxean arituko gara, gainera Athletic gara eta partida nahitaez irabazi behar dugu” azpimarratu du ondarrutarrak.

Iñigok, atzeko lerroan berarekin batera jokatzen duten Yeray eta Unai Nuñez ere gogora ekarri nahi izan ditu “jokatzen duten guztietan primeran aritzen dira biak” adieraziz. Igandeko aurkariari buruz, madrildarren San Mamesen salbazioa lortzeko azken aukeretako bat izango dutela uste du, eta kinka larrian dauden taldeen arriskua mahai gainean jarri nahi izan du: “Batzutan arrisku gehiegi hartzen dituzte, horregatik guk goiko lerroan presioa egin eta baloia lapurtu behar diegu. Joan-etorriko partidarik ez zaigu komeni. Neurketa kontrolpean eduki behar dugu eta min egin nahi badiegu”.