undefined

“Zor bat dugu etxetik kanpo”

“Zor bat dugu etxetik kanpo”

Garitanok dio San Mamesetik urrun “gauzak ondo egiten ari garela baina garaipen hori falta zaigula”

Athleticeko entrenatzaileak agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan asteko azken entrenamendua egin aurretik eta arratsaldean Iruñeara joango dira, bihar Osasunaren aurka LaLiga Santanderreko 14. jardunaldia jokatzeko Sadarren. Talde nafarrari buruz bere zelaian galdu gabe pilatzen duen 31 neurketa ofizialetako dinamika handia nabarmendu du: “Ez da kasualitatea, gauzak oso ondo egiten ari dira. Jagobarekin (Arrasate) dinamika ona daramate aspalditik; bolada hori hausteko erronka dugu“. Osasunaren sendotasunei buruz ere ohartarazi du: “Taktikaz haratago, nahiko talde bizia da eta despistatu ohi ez dena. Berdindu edo gainditu egin behar ditugu. Euren indargunea taldea da, taldearen helburua lehenesten dute eta talde guztiak irabazteko jokatzen dute, indibidualtasun onak dituztenetik haratago“.

Athleticeri dagokionez, entrenatzailearen ustez, “Taldeak denbora asko darama ondo jokatzen, sentsazio onekin jarraitu nahi dugu; etxetik kanpo zor bat dugu eta hor gauzak ondo egiten ari gara baina garaipen hori falta zaigu. Geure jokotik gerturatzen garen heinean irabaztetik gertuago egongo gara“.

Lesioez galdetuta Adurizen eta Muniainen baja seguruak baieztatu ditu eta De Marcos eta Beñat gainerako taldekideekin entrenatzen ari direla azpimarratu du. “Helburua, kexatzea baino gehiago, jokatzeko moduan ez daudenak ordezkatzea da eta irtenbideak bilatzea; taldearen indarragatik, jendea falta izan den guztietan taldeak erantzun egin du“.