
Carlos Gurpegui, gure 18 zenbakia betiko
Carlos Gurpegui, gure 18 zenbakia betiko
Gaur 18 urte bete dira Carlos Gurpeguik, 393 partida ofizial Athletic Clubekin, kamiseta zuri-gorriarekin debuta egin zuenetik
Gaur data berezia da Carlos Gurpeguirentzat, 15 denboraldi (2002-2016) egin baitzituen Athleticen lehen taldean (393 partida eta 22 gol). Andosillako jokalariak duela 18 urte egin zuen debuta Vila-real CF-Athletic Club batean, Madrigalen, eta elastiko zuri-gorriarekin jokatu zituen 393 partidetatik lehena izan zen. Jokatutako neurketen marka horrek 21. postuan kokatzen du Athleticen historia osoan, Manu Sarabia edo Andoni Goikoetxea bezalako izenak gaindituz.
Gurpegik 21 urterekin egin zuen debuta Athleticeko lehen taldearekin. 18 urterekin heldu zen talde gaztera, eta, ondorioz, 18 denboraldiz Lezamara lotuta egon zen. Bizitzako kasualitateak tarteko, Gurpegui 2003-04 denboralditik aurrera hasi zen 18. zenbakia eramaten, eta inoiz ez zen zenbaki horretatik banandu futbola uztea erabaki zuen egunera arte (2015-16).
Jokalari nafarra Athleticen erreferenteetako bat izan da azken bi hamarkadetan, kirol arloan eta berdegunetik kanpo, zaleek gehien errespetatzen eta babesten zuten jokalarietako bat izan da beti, klubaren azken kirol lorpen nagusietan parte hartuz: Errege Kopako finalak (2009, 2012, 2015), Europa Leagueko finala (2012) edo Champions Leagueko itzulera (2014).
Baina, zalantzarik gabe, Gurpegui ere historiara igaroko da, 31 urte geroago Athleticentzat titulu bat irabazi zuen kapitaina izateagatik. 2015eko abuztuaren 17an, 18 zuri-gorria Bartzelonaren aurka irabazitako Espainiako Superkopa altxatzeko arduraduna izan zen.